Nora Galparsoro, olioa birziklatzeko kanpaina aurkeztuz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urtarrilaren 27an hasiko dira edukiontzi laranjak jartzen, eta bi astean hiriko auzo guztietan jarriak egongo dira.
Zaborren inguruan erronka argia dauka udal gobernuak. Zero zabor filosofiari jarraituz, hau da, ahalik eta zabor gutxien sortu, sortzen dena ahal den neurrian berrerabili eta gainerakoa birziklatzearen aldeko apustua eginez ari da lanean. Helburu zehatzak finkatu dituzte gainera, 2016rako hirian sortzen den zaborraren %60a birziklatzea lortu nahi baitute.
Bide horretan beste urrats bat eman dute: sukaldeko olioa jasotzeko edukiontziak jarriko dituzte hiri osoan. Laranja koloreko 110 edukiontzi jarriko dituzte hiriko auzo guztietan, eta horietako 28 edukiontzi urritasun fisikoak dituzten herritarrentzako egokitutakoak izango dira.
Nora Galparsoro, Hiri azpiegitura eta Mantenuko zinegotziak argitu duenez, zaila da neurtzea, baina urtean gutxi gora-behera 368.000 litro olio sortzen dira Donostian. Erabilitako olioa jasotzeko sistema oso erraza dela esan du Galparsorok eta herritarren parte hartzea eskatu du.
Edukiontzi laranjen mapa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Erabilitako olioa estalkia duen edozein ontzitan sartu eta ontzi hori edukiontzi laranjetara bota behar da. Urtarrilaren 27tik aurrera, jartzen diren unetik bertatik erabili ahal izango dira, eta herritarrek edozein egunetan eta noiznahi bota ahal izango dute beren erabilitako olioa edukiontzietara.
Galparsorok adierazi duenez, edukiontziak jartzearekin batera sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute, eta donostiarrek olioa birziklatzeari buruzko argibideak jasoko dituzte etxean. Erabilitako olioarekin biodiesel erregaia egiten dute. “Gure olioarekin dieselaren ordezko erregaia egin daiteke; gutxiago kutsatzen duena, errekuntza garbiagoa duena eta motorren bizitza luzatzen duena gainera”, esan du Galparsorok olioa birziklatzearen onurak azpimarratuz.