
Ivan Ferreirok Intxaurrondo kultur etxean abestuko du hilaren 31n.
Donostia Kulturako kultur etxeen sareak donostiarrei zenbait proposamen interesgarri eginez ekin dio 2014. urteari. Jardueren sailean, hor ditugu haurrentzako proposamenak, helduentzakoak, Donostia Kulturak bere kabuz abiarazitako programak, auzoetako elkarte eta kolektiboekin batera egiten direnak, jaiadiak…, hainbat kultur formatu eta arlotakoak denak ere.
Kultur etxeek Kultur Ekintza Zerbitzuaren baitan jarduten dute, hark koordinatzen baitu lurralde eta sektoreen araberako jarduera hirian, bere eginkizun nagusia betez: herritarrei kultur zerbitzu eta jarduerak hurbil eskaintzea. Zerbitzu horrek kudeatzen ditu, halaber, kultur etxe batzuen edo denen artean egiten diren zenbait programa, urtean zehar oihartzuna izaten dutenak Donostiako kultur bizitzan.
Jarduera hauek guztien berri emateko agerraldia egin dute gaur Ernest Lluch kultur etxean, udaleko Kultura arduradun Nerea Txapartegi eta kultur etxeetako zuzendarien bitartez. Datorren sehileko egitaraua aurkeztu dute.
Denetarik egongo da. 40 kontzertu baino gehiago izango dira; helduentzako antzerkia eta dantzari dagokienez, 13 emanaldi eta 8 talde; Poltsiko Antzerkiak 25-30 emanaldi eta 8 talde ekarriko ditu; haur antzerki arloan, 22 emanaldi izango dira aukeran; 15 erakusketa antolatuko dituzte; lauhilabeteko ikastaroei dagokienez, 60 baino gehiago egingo dituzte; Literaktum jaialdia ez ezik, literaturaren inguruko 30 jarduera ere egingo dituzte…
Kontzertuek sortu ohi dute ikusmin gehien. Programan aurreikusitako 40 kontzertu baino gehiagotan (Donostiklubakoak kontutan hartu gabe) honako musikari eta taldeak iragarri dituzte lehen seihilerako: Mursego, Gabrielen Lekua (Rafa Rueda, Andoni Egaña…), Canshadows, Kauta, Makulu Ken, Acido C, Red Kross, The Lookers, Sonic Trash, Joe la Reina, Belize, John Berkhout, Napoka Iria, Depedro, Xoel López eta Arizona Baby, besteak beste. Ivan Ferreiro ere Donostian izango da. Galiziarra urtarrilaren 31n joko du Intxaurrondo kultur etxean, bere azken lana aurkezteko:
Val Miñor- Madrid. Historia y cronología del mundo.