Igeldori herri izaera onartzen dion Foru Dekretuak indarrean jarraituko du
Epaileak ez du aintzat hartu Donostiako Udalak egindako eskaera. Hau da, Aldundiaren Foru Dekretua urgentziaz bertan behera uztea.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gaur egun indarrean dagoen Foru Dekretu bakarra Igeldo udalerri izendatzen duena da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aurreko Foru Dekretuaren auzia, Igeldori herri izaera ukatzen ziona, bertan behera uztea erabaki du, Itsas Aurre elkarteak eskatu bezala. Beraz datorren ostegunean, urtarrilak 16, ez dute epairik emango, aurreikusita zegoen moduan.
Donostiako Udalak, abenduaren 27an egindako ez-ohiko udalbatzarrean hala erabakita, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru dekretuaren aurkako helegitea abian jartzea onartu zuen, oposizioko alderdien botuekin. Zehatzago, Igeldori udalerri izatea ukatzen zion 2010eko dekretu forala bertan behera utzi izanaren kontrako helegitea jarri zuen Udalak, azken dekretuak aurrekoaren desegitea baitzekarren bere baitan.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, epaileak ez du onartu dekretua bertan behera urgentziaz uzteko eskaera. Orain Aldundiaren txanda da, eta dekretuaren aldeko bere arrazoiak jakinaraziko dizkio epaileari.
Bestalde, Igeldo udalerri bihurtzeko prozesuarekin aurrera jarraituko duela adierazi du Foru Aldundiak, hala nola, herria kudeatuko duen batzorde kudeatzailea osatzeko urratsak emanez, eta baita desanexio prozesua bera gidatuko duen arbitraje batzordea osatuz.