Txillardegi idazle donostiarra omendu dute
Denborak ez du inor eta ezer barkatzen. Zer egin ote zuen gaizki, esate baterako, Lehorreko Atearen gainean lehoi harroxko urdinak, bere sona txoil galtzeko? Urte askoan izan zen hau ere Donostiako bandera bezalakoa: ate nagusi hartako apaingarri, sartu eta ateratzen ziren donostiarren zelatari, harresiko iturri bakarraren zaindari… Gaur, ordea, zer zaintzen du gizajoak? Txantxetan harturik edo, marroiez margotu dute, eta antzinako donostiarrek berek, piztuko balira, ez lukete ezagutuko.
Donostia nola txartu den ikusi ez dezan, agian, ez dute toki gailenean jarri. Gauza askori buruz hitz egin ahal baleza zokoratu honek… Ez, halere. Lasala enparantzatxoan duzue, bakar-bakarrik, Donostia zaharraren azken lekuko –Zer arraio egiten duk hik hor, lehoitxo kaxkar horrek? Eta Avenidarako bideari darraio donostiarrak, besterik gabe…
(Donostia eta Antigua 1829an. Txillardegi, 1956).
Ondoren, ekitaldi literario labur bat egin dute eta Koldo Izagirre eta Joxe Austin Arrieta idazleek poema bana irakurri dute. “Zuk erakutsitakoa ezin dugu ahantzi”, esan du Arrietak Txillardegiri eskainitako hitzetan. Behin bi poemak irakurrita eta omenaldia amaitzeko, lore sorta bat eskaini diote. Txillardegi Liburutegia izena aldarrikatzen jarraituko dute Donostiako Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko egitasmoa abian jarri zuen Plazara Goaz Euskara Batzordeak. Proposamena euskalgintzako pertsona askok babestu zuten eta Udal Gobernuak gaia Kultura Kontseilura eraman zuen. Donostia Kultura Tokiko Enpresa Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluan, PSE-EE, PP eta PNV daude ordezkatuta daude eta abenduaren 20ko bilkuran oposizioko alderdiek aurkako botoarekin eskaera baztertu zuten. Fito Rodriguez erabaki honen inguruan aritu da: “PP ezjakintasunaren argudiotan oinarritu da ezezkoa bozkatzeko; PSE-EEk gauza bera egin du udal eraikinek izenik ez zutela behar esanez, gogoan izango dituzue PSE-EEk berak gobernatu zuenean jarritako izenak, Ernest Lluch, esaterako; eta, EAJ-k kontra bozkatu du behar adina kontsentsurik ez dagoela arrazoituz”. Txillardegi Liburutegia ekimenean parte hartu dutenek horiek guztiak argudioak ez direla, “aitzakiak” besterik ez direla eta “beste mota bateko erantzuna” behar dutela adierazi dute. Hori dela eta, Rodriguezek Txillardegi Liburutegia izena aldarrikatzen jarraituko dutela ziurtatu du.