PPk hotel bat egingo luke Udalak Lasala plazan duen eraikinean
Udalak Lasala plazako eraikinean Parte Zaharra eta Erdialderako osasun etxe berria egitea proposatu zion Eusko Jaurlaritzari.
Espainiako Administrazio Orokorrarena eta Donostiako Udalarena da Lasala plazan dagoen eraikinetariko bat. Hutsik dago, eta hainbat erabilera proposatu izan dira bertarako. Ramon Gomez, PPko zinegotziak proposamen berri bat aurkeztu du gaur: hotel bat egingo lukete eraikin horretan. “Donostiaren garapen ekonomikorako pauso garrantzitsua izango litzateke, eta 2016ra begira ere, turismo eskaintza zabaltzeko aukera bikaina da”, esan du Ramon Gomezek.
Dena dela, popularrek aitortu dute Parte Zaharra eta Erdialderako osasun etxe berri bat beharrezkoa dela. Horretarako, ordea, badute beste proposamen bat. Idiakez kalean, lehen Gizarte Segurantzako bulegoak zeuden eraikinean, egingo luke PPk osasun etxe berria. “Eraikina ia hutsik dago, eta leku egokia da herritarrentzako; osasun etxe duin bat egin daiteke bertan, hiriaren erdian”, esan du Gomezek.
Zazpi solairu ditu eraikinak eta gaur egun beheko solairua bakarrik erabiltzen dute, Jubilatuen Etxeko kideek. Eusko Jaurlaritzak diru kopuru bat bideratu du aurten osasun etxe berriaren proiektua egiteko. Beraz, “oraindik xehetasunak zehazteko denbora” badagoela uste du PPk eta “hiru aldeen borondatea badago, bi egitasmoak bideragarriak direla” esan du zinegotzi popularrak.
Gainera, Lasala plazako eraikinaren bosgarren solairua bakarrik (505 metro koadro) da Espainiako Administrazio Orokorrarena, eta Udalak erosi egin nahi dio. Beraz, Ramon Gomezek adierazi duenez, horrela eraikin osoa Udalarena litzateke, nahi duen gisara erabili ahal izateko. Eta Donostiari begira dauden inbertsore horietako bati bertan hotel bat egiteko bide ematea litzateke aukera hoberena PPren ustez.