'Urpekari horia' itzuli da (5-1)
Garai batean Urpekari horia izenarekin ezaguna zen Vila-real, eta goitizen hori lau haizetara zabaldu zen berriro, 2006. urtean, Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatzera eraman zuen balentria erdietsi eta gero. Igo berria da aurten, Bigarren Mailatik Lehenengo Mailara, baina ez du urrats hori egin ohi duten taldeen antza. Jokalari onez osatuta dago, eta sailkapenaren goikaldean dago, izarren ligara itzuli berria den arren. Bolada txarrean zen, denboraldi hasiera bikaina egin eta gero, baina gaurkoan Reala txikitu du (5-1), garai zaharrak gogora ekarrita. Egia da Jagoba Arrasateren jokalariek lana erraztu diotela Vila-reali, ez baitute ezertxo ere egin, Agirretxeren gola salbu. Baina, egia da ere gau borobila izan dutela valentziarrek.
Lehen zatian erabaki da dena. 33. minuturako 3-0 zihoan aurretik etxeko taldea. Bigarren zatian, gauzak hobetu beharrean, okertu dira txuri-urdinentzat. 5-0ekoa zegoen markagailuan 58. minuturako. Bi minutu geroago egin du Agirretxek donostiarren gola; aurpegia zuritzeko besterik ez du balio izan, ordea.
Orain bosgarren postuan da Vila-real, Reala atzean utzita. Seigarren dira donostiarrak. Ostegunean berriro jokatuko dute elkarren aurka, Kopako final-zortzirenetako itzulerako partida dela eta. 0-0 amaitu zuten Anoetan, kanporaketa irekita dago, baina, norgehiagokak gaurko itxura izanez gero, argi dago nork lortuko duen sailkatzea. Partida guztiak desberdinak omen dira. Ea ostegunean hala den, eta Realak gaurko arantza kentzeko aukera duen. Asko hobetu beharko du, baina.