2.813 etxebizitzari ezarri diote Ondasun Higiezinen Zergaren gainordaina
OHZren gainordainaren bidez 567.750 euro jaso ditu Udalak.
Neurri honen helburua hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatura bideratzea dela adierazi du udal gobernuak, alokairuari bultzada emateko eta etxebizitza baten bila ari diren pertsonen beharrei aurre egiteko.
Helburu berarekin, beste neurri bat ere jarri du abian Udalak: %20ko diru laguntzak emango dituzte etxebizitza hutsak eraberritzeko. 3.000 eurokoa izango da gehieneko laguntza, eta etxebizitza Alokabideren bidez errentan jartzea izango da baldintza bakarra. Udalbatzak etxebizitzak Eraberritzeko Planari behin betiko onarpena ematen dionean jarriko dute abian neurri hau.
Berme osoko prozesua
Jabi Vitoria, Ogasuneko arduradunak adierazi duenez, “berme osoa izan duen prozesua izan da, hutsik ez dagoen etxebizitza bakar batek gainordainik izan ez dezan. Neurri honen helburua gainera, etxebizitza huts bat dutenek alokairuan jartzea da; ez dugu dirua biltzeko inongo helbururik izan”.
Hasierako prozesuan hainbat errolda alderatu zituzten: biztanleena, katastroa eta uraren errolda. Horrela, ahalik eta etxebizitza kopuru handiena zehaztu dute. Datu horiez gain, salbuespeneko etxebizitzak ere kontuan hartu dituzte, Udalaren esku dauden datuen bidez:
-OHZren ordainagirian hobariak dituzten etxebizitzak.
-Erakunde publikoei dagozkien etxebizitzak.
-Etxebizitzak alokatzeko programei utzitako etxebizitzak.
-Jardueraren baten egoitza diren etxebizitzak.
Alderaketa hauei esker, 7.325 zerga objektu hauteman dituzte udal langileek. Ondoren, 4.890 zerga objektura murriztu dute kopuru hori, honela banatuz:
-Inor bizi ez den 1.652 etxebizitza; kontagailua irakurrita, zero markatzen dutenak. Berez gainordaina aplikatzeko moduan dauden kasuak.
-Inor bizi ez den 2.929 etxebizitza; ezin izan da kontsumorik zehaztu, kontagailu orokorra dutelako.
-Inor bizi ez den 400 etxebizitza; bakoitzak bere kontagailua du, baina ezin izan da kontsumoa zehaztu, ezin izan baita irakurketarik egin. Atal honi dagokionez, aurrerapena nabarmena izan da. Izan ere, hasiera batean 2.500 etxebizitza kontuan hartzen baziren ere, 400era murriztea lortu zuten. Hauxe da azterketaren arrakastarik handiena udal gobernuaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan ezin izan dituzte etxebizitzak eta uren errolda informatikoki alderatu, eta, ondorioz, eskuz egin behar izan dute.
OHZren gainordaina urte amaieran aplikatu zen, ohiko OHZren kobrantzatik bereizita. Udal gobernuak herritarrei ahalik eta berme handienak eskaintzen saiatu dela adierazi du. Hala ere, gainordaina kobratu zaien herritarrek hilabeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko, gainordaina jakinarazi edo kobratu zaien egunetik kontatuta.
Behin betiko datuak
-Etxebizitza hutsen hasierako errolda: 4.830 etxebizitza.
-Jakinarazpenaren ondoren alegaziorik jarri ez zutenak: 2.360 etxebizitza.
-Aurkeztutako alegazioak: 2.470 etxebizitza.
-Onartutako alegazioak: 2.017 etxebizitza.
-Aintzat hartu ez diren alegazioak: 453 etxebizitza.
-Gainordainaren jakinarazpena: 2.813 etxebizitza (alegaziorik aurkeztu ez zuten 2.360 eta aintzat hartu ez diren 453 alegazio)
-Gainordainaren kopuru osoa: 567.750 euro.