
Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: E. Zabala)
Erramun Martikorena, Estitxu Pinatxo, Magali Zubillaga eta Pier Paul Berzaitz abeslarien ahotsez gozatzeko aukera egongo da urtarrilaren 26an, 19:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian.
Sarrerak 15 eurotan salgai daude jada. Abeslariekin batera, Alan Griffin, Iosune Marin, Oriol Flores, Txema Garces eta Joxan Goikoetxea musikariak egongo dira oholtza gainean. Gaur egin dute ikuskizunaren aurkezpena, eta orain arte igarotako antzokietan publikoa oso gustura geratu dela ziurtatu dute. Pier Paul Berzaitz zuberotarrak 40 urte inguru daramatza musika sortzen, eta lehengo eta oraingo sorkuntzak eskainiko dituzte Viktoria Eugeniako emanaldian. Gainera, kontzertua bukatzean, publikoak artistekin egingo duten solasaldian parte hartzeko aukera izango du, Viktoria Eugeniako Klub aretoan.
Azken batean, Euskal Herriko hegoaldeko eta iparraldeko abeslariek bat egin dute Berzaitzek bultzatutako proiektu honi esker. “Duela 40 urte nire inguruan ia inork ez zekien bazela Euskal Herriarik Zuberoatik aparte”, aitortu du Berzaitzek. Hala, abeslariek Euskal Herriari asko zor dioten arren, Euskal Herriak abeslariei zer eskertua baduela uste du Zuberoakoak. Xabier Leteren poema musikatuak entzuteko aukera egongo da, baita
Baratze bat moduko abesti ezagunak ere.
Aurkezpenean gogorarazi dute gurasoek ez dutela kontzertura joateko arazorik izan behar. Izan ere, 6-12 urte bitarteko haurrentzako tailerra egingo dute antzokian bertan, gurasoek bitartean kontzertuaz lasai gozatzeko aukera izan dezaten. Informazio gehiagorako:
victoriaeugenia.com