Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko ditu Anoeta berritzeko
Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du gaur goizean: Eusko jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko ditu Anoeta estadioa berritzeko. Hiru zatitan banatuko dute diru laguntza; 2015, 2016 eta 2017 urteetan, hain zuzen ere. 3,3 milioi euro emango ditu urte bakoitzean Jaurlaritzak. Realak beste 20 milioi euro jarriko lituzke, estadio berriaren egitasmoa egia bihurtzeko.
Urkulluren arabera, “hogei urte geroago, ikusi dugu zein gutxi erabiltzen den atletismo pista, eta errealitate horrek Anoeta berritzeko asmoa logika baten barruan kokatzen du”. Lehendakariak adierazi du, Bilboko San Mames Barria eta Gasteizko Buesa Arena proiektuetan parte hartu duten bezala, Anoetan ere laguntza emango dutela. “Estadio egoki batek diru iturriak eragingo lituzke hirian eta lurraldean”, erantsi du.
Anoeta estadioa berritzeko proiektuak “behin betiko” urratsa eman zuen udalbatzarrean duela urtebete, hiria antolatzeko plan orokorrean egin beharreko aldaketak adostu eta gero. Udalbatzak argi berdea eman zien estadio berriaren neurriei eta diseinuari; atletismo pista kentzeari, tartean. Aho batez onartu zuten.