Ia 4.500 herritarrek eman dute izena danborradak bertatik bertara ikusteko
Gaur egingo dute danborradak Konstituzio plazako balkoitik eta udaletxeko balkoitik ikusteko zozketa; 19:00etan Udalbatza aretoan.
Guztira 4.470 herritarrek eman dute izena danborradak balkoitik ikusteko zozketarako, hau da, banderaren igoera, jaitsiera eta Haur Danborrada gertutik ikusteko.
Helduen danborradetarako zerrendan 3.781 pertsonen eskaerak jaso dituzte; 2311 emakumezko eta 1470 gizonezko. Haur Danborradarako, berriz, 689; 436 emakumezko eta 253 gizonezko.
60 toki zozkatuko dituzte bandera igoerarako (30 bikoitz), beste 60 jaitsierarako (30 bikoitz) eta 48 leku Haur Danborradarako (24 bikoitz).
Izena eman duen parte hartzaile bakoitzak zenbaki bat izango du, NAN zenbakiaren araberakoa, eta bi zenbaki aterako dituzte: bat Haur Danborradarako eta bestea helduen bi danborradetarako.
Hala, ateratzen den zenbakitik abiatuta, zerrendako lehen 24ek izango dute txikien danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera. Eta beste horrenbeste helduen danborraden kasuan, hau da, ateratzen den zenbakitik abiatuta lehen 30ek beste pertsona bat gonbidatu eta bandera igoeran egoteko aukera izango dute eta hurrengo 30ek bandera jaitsierara joan ahal izango dute.
Juan Karlos Izagirre, alkatea eta Axier Jaka, Partaidetza zinegotzia egongo dira zozketan. Zenbakiak, berriz, danbor nagusiak eta Haur Danborradako bi pertsonaia berriek aterako dituzte, gizarte zibila ordezkatzen dutenak.
Izena eman dutenek Gaur.donostia.org udal webgunean kontsultatu ahal izango dute zerrenda, emaitzak bertan egingo baitira publiko.