
Sukaldea izeneko behin behineko egoitzan aurkeztu ditu Tabakalerak webgunea, jarduera egitarau berriak eta egoitza bera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egin nahi dutenaren eskalazko proba bat egingo dute bertan.
Egoitza berria aurkezteaz gain, hurrengo asteetan Sukaldean egingo dituzten jardueren berri eman dute: proiekzioak, tailerrak, hitzaldiak eta argazkigintza, besteak beste.
2014a “trantsizio urtea” izango da Tabakalera proiektuarentzat. Gero eta gertuago dute kultur zentroaren inaugurazioraino geratzen den denbora epea, eta irekierarako geratzen diren hilabeteok etorkizunean eskainiko diren programak eta zerbitzuak modu eskalatuan eta beta egoeran abiarazteko baliatuko dute. Proiektua sendotzeko eta ikusarazteko urtea izango da. Indartsu hasi dute urtea: webgune berria jarri dute abian –
Tabakalera.eu– eta Atotxako dorrearen etxabe batean behin-behineko egoitza ireki dute, etorkizuneko Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eraikinetik metro gutxira. Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariak adierazi du 2015eko udan zabalduko dutela behin betiko egoitza.
Eraikinaren berritze lanak hasi zirenetik proiektua egoitza propiorik gabe geratu zen, eta zailtasun handiak izan dituzte proiektua garatzeko eta egitasmoa bera ikusarazteko. Orain oztopo hau gainditzea lortu dute, behin-behineko egoitza bat lortu dute-eta Atotxa dorrearen etxabe batean, lan taldearen bulegoen azpian.
Sukaldea izena jarri diote Tabakalera eraikina parean duen espazio honi. Tabakalera proiektua “egosten” jarraitzeko erabiliko dutela adierazi du Rodriguezek. Izena ez dute nolanahi aukeratu: lokalean bertan dauden sukaldeei zor die, sukaldaritza tailerrak egiten baitziren lehen. Lantegiak, proiekzioak, aurkezpen eta mahai-inguruak egingo dituzte bertan. Garai bateko sukaldeetan bezala, topagune atsegin bat izatea nahi dute; proiektu berriak aurkezteko, ideia berriak trukatzeko eta proposamenak lantzeko espazio bat finean.
Suhiltzaileen egoitza zaharrean ere izango da Tabakalera egitasmoaren zati bat. Bertan jarraituko du
Hirikilabs proiektuak, Tabakaleraren laborategi modukoak direnak. Iaz jarri zituzten abian, Donostia 2016rekin elkarlanean. Kultura teknologiko eta digitalaren inguruko sortzaileak elkartu dituzte bertan, ekipamenduak prestatzeko. Laborategiak fase berri batean murgilduko dira urte berriarekin, eta lantaldeak sortuko dituzte. Kultura askea, artisau berriak, gizarte berrikuntzarekin eta hirigintza hobetzearekin lotutako software proiektuak jorratuko dituzte, besteak beste. Espazio hau astean bi aldiz irekiko dute kultura digitalaren inguruko komunitateak dinamizatzeko. Proiektuak garatu eta ikasteko gune berriak sortuko dituzte:
Android mugikorrentzat aplikazioak sortzeko tailerrak, bideo-jokoak sortu eta propotipatzeko lantegiak, 3D inprimaketa… Askotariko jarduerak egingo dituzte.
Sukaldean, berriz, praktika garaikideen eta ikus-entzunezkoen inguruko programazioa egingo dute. Aurreko urteetan landutako proposamen batzuk ere mantenduko dituzte: Labo jaialdiko film laburrak, hiri politikak, arkitektura eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa, besteak beste. Ikus-entzunezkoei dagokionez, hilabetero gai bat jorratuko dute. Hartara, urtarrilean
artxiboa izango da gaia, eta otsailean
esperimentala.
Harria, papera eta guraizak mintegian, esaterako, -urtarrilak 21etik 25era- ikus-entzunezko artxiboak historia berridazteko tresna gisa landuko dituzte.
Ubik-mediateka programak ere aurrera jarraituko du Sukaldean. Liburutegien etorkizunaren inguruan hausnartzeko tailerrak, eta bakoitzak bere liburutegi digitala egiteko lantegiak izango dira, besteak beste. Halere, barrura begira egin beharreko lana handia izango da, egun berritze lanetan murgilduta dagoen eraikineko mediateka abian jarri behar dute eta.