Balio ekologiko handiko ur-ekosistema du Artikutzak, azken urteetako kudeaketa onagatik
Datorren ostegunean, urtarrilak 23, aurkeztuko dute Artikutzako ur-ekosistemaren diagnosia Udalbatza aretoan, 19:00etan.
Iazko ekainetik abendua bitartean biologo talde bat Artikutzako ur-ekosistema aztertzen aritu da udal gobernuak hala eskatuta. “Inguru hura hobeto ezagutu eta egoki zaintzen jarraitzeko bideak garatzea izan da azterketa honen helburua”, zehaztu du Axier Jaka, Ingurumen zinegotziak.
Arturo Elosegi, Jorge Gonzalez eta Joserra Diez, biologia doktorea eta EHUko irakaslea aritu dira Artikutzako ur-emaria, landaretza, animaliak eta hainbat lagin aztertzen. Joserra Diezek azaldu duenez, 1919an Donostiako Udalak Artikutza erosi zuenetik kudeaketa kontserbatzailea egin dute bertan, eta hori da Artikutzak gaur egun duen kalitatearen arrazoi nagusia.
Meatzaritza eta abelbantza jarduerak ziren nagusi Goizuetako lurretan dagoen eremuan, baina Donostiako Udalak giza ustiapen guztiak atera zituen bertatik. Iturburuetako ura bideratu eta Añarbeko urtegira bideratu zuten ur emaria. “Azken 100 urtean ez dute giza ustiapenik egin Artikutzan. Penintsulan hobekien zainduta dagoen eremua da, inguruaren naturaltasun maila oso altua da, eta urari lotutako ekosistemak balio ekologiko izugarria dauka”, esan du Diezek.
Aberastasun ekologikoa
Ingurumen ikuspegitik Artikutza “osasuntsu” dagoela adierazi dute. Eta horren isla dira bertan aurkitu dituzten hainbat elementu eta espezie.
Joserra Diez, biologoak azaldu duenez, bertako ibai sarea oso egoera onean dago. Hala ere, naturak guztiz bereganatu dituen inguruetan oraindik ageri dira aspaldian ura iturburuetatik ustiatzeko erabiltzen ziren azpiegitura batzuk. Ura biltzeko presa txikiak ere ugariak dira, eta sarri animalien garapen naturalerako oztopo bihurtzen direla adierazi du Diezek. Baita berez eroritako zuhaitz enborrak ere.
Mehatxatutako hainbat landare ere badaude Artikutzan, eta horiek mantentzeko “izugarrizko ardura” dutela adierazi dute. Animaliei dagokienez, berriz, larba ugari, anfibioak, eta inguru horretan sekula ezagutu gabeko arrainak aurkitu dituzte. Dena dela, uste baino arrain gutxiago aurkitu dituzte, eta legez kanpoko arrantza izan daitekeela uste dute horren arrazoia.
Artikutzako balio ekologikoaren ikur gisa, berriz, ur satorra aurkeztu dute. Antza animalia hau oso eremu mugatuetan aurki daiteke, eta mundu mailan desagertzeko zorian dago. Artikutzako ur satorrak ere oso gutxi, zaharrak eta ahulak direla esan du Diezek, baina pozik daude aurkikuntzarekin kalitatezko ekosistemetan bizi baitira soilik.
Artikutza zaintzeko neurriak
Ingurumen altxor bat izaki, Axier Jakak adierazi du diagnosiaren emaitzak aztertu eta Artikutza babesteko neurri zehatzak hartuko dituela Udalak.
Orain arte bezala, kontserbazio ikuspegian oinarritutako kudeaketari eutsiko diote. Gainera, ekosistema zaintzeko animalien garapenerako oztopo izan daitezkeen azpiegitura zaharrak kentzen hasiko dira. Momentuz hiru presa txiki deuseztuko dituzte.
Bestalde, Artikutzaren balioa zabaltzeko ikerketa bekak eskainiko ditu Udalak, eta Ingurmen laguntzetan ere ildo berezi bat eskainiko diote Artikutzari. Neurri hauekin erakunde eta eragileen arteko elkarlana sustatu nahi dute, “denen artean babesteko”.
Ildo horretan, Donostiako Udalak eskaera bat luzatuko dio Nafarroako Gobernuari: Ingurumenaren babesean oinarritutako kudeaketa plan bat jar dezala abian Artikutzan, eta behar duen babes maila eman diezaiola, gainera ur satorrari. Nafarroako Gobernuak du horretarako eskumena.
Datorren ostegunean herritarren aurrean aurkeztuko dute Artikutzari buruzko diagnosia udaletxean. Hortaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Nafarroako Gobernuari, Añarbeko Ura elkarteari eta Goizueta eta Errenteriako udalei ere igorriko diete txostena.