Hirigintza egitasmoak errespetatuko ditu Sustapen Ministerioak
Txomin Enea, Martutene, Campos Eliseos deituriko zonaldean Plan Orokorraren altxatzearen etetea, Enertic eta Tabakalera proiektuak defendatzera joan dira udal gobernuko ordezkariak Madrilera, eta lortu dute Sustapen Ministerioaren konpromisoa: eraiki daitezkeen tren azpiegiturek hiriko proiektu estrategikoetan eraginik ez izateko konpromisoa lortu dute goizean izandako bileran.
Hala, Sustapen Ministerioak trenaren hirugarren lineak Txomin Enean eta Martutenen ez duela eraginik izango onartu du; bertako garapen urbanistikoaren garrantzia onartu du uholde arriskua gutxitzeko. Bestetik, trenak izan dezakeen bideak Campos Eliseos bezala ezagutzen den zonaldean Plan Orokorraren Altxatzea etetea ez galarazteko hitza eman du Sustapen Ministerioak.
Aurten abian jarriko den Enertic eraikinaren etorkizunak ere kezkatzen zuen udal gobernua, hasiera batean Sustapenak aurreikusitako trenbideak eraikin hau zatitu egiten baitzuen, baina udal gobernuak eraikina salbatzea ahalbidetzen duen doikuntza proposamena berrestea lortu du.
Tabakalerari dagokionez, eta Udal Gobernuak azpiegitura honen aurrean Gipuzkoa Plazaren antzeko azalera izango lukeen gune publiko bat sortzeko duen helburuarekin, Sustapenak Udalaren eskaera jaso eta onartu du, gai hau eraikuntza proiektuaren barruan txertatuz.
Geltokiari dagokionez, Sustapeneko arduradunek esan dutenaren arabera, azkenean egungo eredura gerturatuko litzateke, hau da, ez luke egungo geltokiak baino espazio gehiago okupatuko eta honek Tabakalerako fatxada neurri batean estaltzea ekidingo du.
Bestalde, Sustapenak beste konpromiso bat hartu du, kasu honetan Martuteneko futbol zelaiaren toki aldaketa ez oztopatzea, Udal Gobernuak berri bat egitea aurreikusten baitu.
Udal Gobernua ez dator bat Abiadura Handiko Trena eraikitzeko ideiarekin, are gutxiago egungo egoera ekonomikoan. Bere ustez, azpiegitura neurrigabea da eta erakundeek aurre egiteko betebeharra duten beste hainbat lehentasun dituzte. Hala ere, udal gobernuak adierazi du Madrilgo bilerara “arduraz jokatzeagatik” joan dela eta hiriarentzat proiektu estrategikoak defenditzeko helburuarekin, hauek tren azpiegituren eraginez bideraezin egin ez daitezen.