Kopako final-laurdenetara igaro da Reala

Javi Ros, gaurko goleatzailea, Osasunaren aurkako partida batean. (Argazkia: realsociedad.com)
Astebetean hirugarren aldiz gurutzatu dira Reala eta Vila-real, eta gaurkoan Madrigaletik zoriontsu atera da Jagoba Arrasateren taldea, 0-1eko markagailuarekin. Hala, Realak Kopako final-laurdenetara igarotzea lortu du, Anoetan jokatutako joaneko lehia golik gabeko berdinketarekin bukatu zelako. Javi Rosek 32. minutuan sartutako golak talde txuri-urdina aurretik jarri du, eta halaxe bukatu da partida. Datorren asteazkenean jokatuko du Kopari dagokion hurrengo partida Realak, Racingen aurka. Hala, 26 urteren ostean, Donostiako taldea Kopako final-laurdenetan izango da.
Astelehenean jokatutako Ligako partidan dena ongi atera zitzaion Vila-Reali, eta 5-1 irabazi zuen; gaurkoan, ordea, zortea ez zuen aldeko, eta ez da Realari aurre egiteko gai izan. Gainera, jokoz kanpo egoteagatik gol bat baliogabetu diote etxeko taldeari 65. minutuan, eta 74. minutuan penaltia kanpora bota du Perbetek. Kopako hurrengo norgehiagoka iritsi aurretik, Getaferen aurka jokatuko du Realak, igandean, 12:00etan.