
Maite Gonzalez Esnal, gaur goizeko aurkezpenean. (Argazkia: E. Zabala)
‘Viajes, frutas, barrios’ liburua aurkeztu du idazle donostiarrak, lagunez inguratuta.
Maite Gonzalez Esnal idazleak (Donostia, 1943) euskaraz idatzi izan du orain arte, baina oraingoan, gazteleraz argitaratu du
Viajes, frutas, barrios (Pamiela, 2013). Liburutegi Nagusiaren sotoan egin du liburuaren aurkezpena Gonzalezek, gaur goizean, kazetariz eta bereziki bere lagunez betetako aretoan. “Oinarriak errealitatean daude finkatuak, eta nik hortik istorioak sortu ditut”, azaldu du idazleak. Lagunak dituen Idoia Estornes eta Joxemari Iturralde idazleak izan ditu ondoan aurkezpenean, eta laudorioak baino ez dituzte izan egilearentzat. Izenburuak aipatzen dituen hiru hitzak dira liburuko hiru atalen izenburuak, eta egilearen esanetan, atalek ez dute euren artean loturarik. “Funtsean badute loturaren bat, baina gehiago arlo literariotik,
Viajes eta
Frutas atalak lotuagoak daude,
Barrios idaztera barruko bulkada batek eraman ninduen, neskatila baten ahotsa dago hor”, azaldu du egileak.
Herbehereetako ipar-ekialdea eta Alemania iparreko eta Danimarkako eskualde txiki batzuk hartzen ditu Frisiak. Askorentzat lurralde ezezaguna izango da, baina idazleak ongi baino hobeto ezagutzen du inguru hura. Izan ere, denboraldiak egin ditu bertan bizitzen, eta horretan oinarritu du bere liburuaren lehen atala,
Viajes (Bidaiak). Gainera, Frisiari Euskal Herriarekin zenbait lotura ikusten dizkio Gonzalezek, esaterako, bi hizkuntza daude, bata gutxitua, eta bestea, indarra duena. “Beste kultura batekin topatzeak zer pentsatua ematen dizu”, adierazi du.
Frutas atalean, berriz, hainbat lotura egiten ditu fruituen eta bere familiako edo haurtzaroko pertsona eta oroitzapenen artean. Azkenik,
Barrios, “auzo asko eta bat ere ez dira”, aipatu du Gonzalezek. Atal horretan, esan bezala, 10 urte inguruko neskatila baten ahotsetik hitz egiten du, eta sinesgarritasunari garrantzia asko eman dioela aipatu du.
Kontu eta pertsonaia askotan ez duela gehiegi sakondu onartu du idazleak, eta idazten jarraituko duela.