
AHTren aurkako Donostiako taldeak protesta egin du udaletxearen aurrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sustapen Ministerioak Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udaleko ordezkariekin egindako bilera dela eta, AHTren aurkako Donostiako taldeak protesta egin du udaletxe aurrean; Foru Aldundiko ordezkariak ez dira Madrilera joan, proiektuarekiko euren desadostasuna adierazteko.
Madrilen agintari politikoak AHTren Donostiako sarbideaz hitz egiteko bildu diren ordu berean egin dute protesta trenaren aurkako hainbat pertsonak udaletxe parean. Mikel Alvarez, AHTren aurkako Donostiako taldeko kideak adierazi duenez, “ez dago AHT justifikatzen duen behar sozialik, baina erakunde publikoek dirua xahutzen jarraitzen dute”. 2014ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzak, Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak 640 milioi euro gastatuko dituztela salatu du Alvarezek.
Donostian AHTk eragingo dituen ondorioez mintzatzean, Udaleko hainbat partidu politikoren jarrera kritikatu du Alvarezek: “Abiadura Handiko Trenaren aldeko apologia egiten dute; trenarentzako geltokia, autobus geltokia eta Tabakalera obra faraoniko bakar batean egin nahi izan dute. Erakarpen turistiko gisa saltzen dute trena hirira iristea, baina hirigintza eredu espekulatibo baten adibide bat besterik ez da”.
Udal gobernuko kideek euren desadostasunekin bat egiten badute ere, AHTren inguruan Donostiako Udalean sortu den “aliantza” salatu du Alvarezek. Zentzu horretan, udal ordezkariei herritarren aurrean beren jarrera argia agertzeko eskatu die.
Bestalde, ingurumenari dagokionez, AHT azken urteetako proiektu suntsitzaileena dela esan du Mikel Alvarezek; “lurraldearen txikizioa” ekarriko duena. Bereziki nabarmendu du Martuteneko landa eremua. Alvarezen esanetan, Ergobia eta Martutenen hasi dira trenaren behin-behineko sarbidea egiten. Bost azpiegitura lerro markatu dituzte bertan, eta horrek Martuteneko nekazal eremu guztia hondatzea eragingo du Alvarezen ustez.