Jendetza Banderaren jaitsiera ikusteko prest, Konstituzio plazan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
San Sebastian eguneko ospakizunetan jende ugari biltzen da hirian eta aurreikus daitezkeen arazo guztiak kontrolpean izan nahi ditu Udalak. Horretarako bilera egin zuen Babes Zibileko Batzordeak asteazkenean.
Hala, banderaren igoerako eta jaitsierako segurtasun antolamenduak xedatu ditu Donostiako Udalak. Gainera, eguraldi iragarpenen arabera nahiko eguraldi txarra egingo du igande arratsaldetik aurrera. San Sebastian egunean, udal teknikariz osatutako batzorde bat bilduko da, eguraldiari erreparatzeko eta haurren danborrada irtengo den ala ez erabakitzeko.
Eguraldiaz gain, badira Babes Zibilak kontuan hartu dituen beste egoera batzuk ere:
Jendetza
Konstituzio Plazan 6.700 bat pertsona biltzen direla kalkulatu dute; horietatik 1.500 arkupeetan. Hau da, hiru pertsona metro koadro bakoitzeko. Osasun larrialdiren bat gertatuko balitz ere, udal Liburutegiaren barruan DYAren osasun arretako postu bat jarriko dute, eta bi anbulantzia prest egongo dira.
Teknologiak eragindako arriskuak
Festa gertutik erakusteko medio ugari elkartzen dira Konstituzio plazan. Teknologia pilaketengatik Liburutegiaren eraikineko instalakuntza finko eta mugikorren eraginez sute bat gerta litekeela aurreikusi dute. Hori dela eta, suhiltzaile talde bat eraikinaren barruan egongo da eta suhiltzaile parkeko ohizko zerbitzuak ere adi egongo dira.
Hirigintzako teknikariek, bestalde, plazako etxeen atariak aztertu dituzte eta pertsonentzat arriskurik ez dagoela egiaztatu dute. Segurtasun neurri guztiak hartuta daude, beraz, festaz gozatzeko gonbita egin die Udalak herritarrei, “arduraz eta errespetu osoz”.