Denek izan nahi dute protagonista. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
San Sebastian egunean eguraldi txarra egiten badu eta Haur Danborrada bertan-behera geratzen bada, urtarrilaren 26an egingo dute. Eta orduan ere eguraldi txarra egingo balu, hurrengo urterarte zain egon beharko dute haurrek.
Festa giroan egin dute Haur Danborradaren aurkezpena eguerdian Viktoria Eugenia Antzokian. Dotore dotore jantzita, konpainia guztietako ordezkariak bildu dira bertan. Badator danbor eta upelak jotzeko egun handia, eta nabaria da txikienen irrika. Guztiek jarri nahi izan dute kameren aurrean, guztiek erakutsi beren jantzia.
Haurren neurrira egindako aurkezpen festa izan da gaurkoa. Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek egin dute gidari lana, eta ederki egin ere, antzokia leporaino bete duten haur guztiak adi-adi egon baitira. Suhiltzaileak ustekabean jaitsi dira agertokira soka batzuetatik behera, Euskal Herriko Unibertsitateko saskibaloi taldeko neskek baloiarekin duten trebetasuna erakutsi dute, eta Antiguako bertso eskolako neska-mutilek bertsoak eskaini dizkiete danborradari eta Sarriegiri.
Ezusteko eta ezusteko artean hiru pailazoen bihurrikeriekin gozatu dute haurrek, eta Eskaut Gia konpainiako kideen erritmoak ere aho-zabalik utzi du aretoa. Eurek igoko dute bandera igande gauean, jaiari hasiera emanez. Ardura badutela onartu dute, baina gogotsu daude eta umorez erakutsi dute euren koreografia berezia, gurpildun aulkiekin dantzateko modukoa.
Pertsonaia nagusiak
43 ikastetxetako 50 konpainiak hartuko dute parte igandeko Haur Danborradan; 4.635 haurrek. Aurten The English School ikastetxeko haurrek ordezkatuko dituzte danborradako pertsonaiak. Danbor Nagusia, berriz, Aitor ikastolako Malen Arrieta izango da. Gaur behintzat ondo bete du bere papera eta agertokia betetzen zuten lagunak ederki gidatu ditu San Sebastian martxa jotzerakoan, horrelaxe eman baitiote amaiera aurkezpen jaiari.
Danbor Nagusiarekin batera aurtengo protagonisten artean, Sara Esnal Easo Ederra, Oihana Etxezarreta Jenerala, eta Jule Ozores laguntzailea izan dira. Eta karrozan alboan izango dituzte damak, batelariak, iruleak, urketariak, iñudeak, palagrezainak, eta aurten lehen aldiz, garai bateko donostiarrak ordezkatuko dituzten bi mutiko.
Juan Karlos Izagirre alkatea ere Haur Danborradaren aurkezpenean izan da, eta aholku argia eman die gaztetxoei: argazki eta bideo kameren jomuga izateaz gain, urduritasunak alde batera utzi eta egunaz goza dezatela.
-
-
Denek izan nahi dute protagonista. (Argazkia: Agurtzane Altuna)