Danbor soinuz bete dute Zorroaga
San Sebastian egunean kaleak danbor soinuz betetzen dira. Baina, badira Donostiako festa handia kalean ikusterik ez duten hainbat eta hainbat herritar. Zorroaga zaharren etxeko aiton-amonak dira horietako batzuk, baina gaur arratsalde berezia izan dute. Izan ere, Amara eta Loiolako Erriberako hainbat danborradek bat egin dute bertan.
Askariaren ondoren, gimnasiora jaitsi dira guztiak eta gogotsu itxaron dute danborradak etorri arte. Atzerapen pixka batekin baina pozik etorri dira Amara Berri, Urtoki, Donosti Cup eta Ikasbide danborradatako ordezkariak. Publiko berezia izan dute gaurkoan, aiton-amonek eta senitartekoek adi-adi jarraitu baitute ikuskizuna. Sarriegiren doinuak eskaini dizkiete eta animatuenek, danborraren faltan txalo eginez jarraitu dituzte gidariaren aginduak.
Urtero errepikatzen den jarduera da; San Sebastian eguneko ilusioa Zorroagako gainera eramaten saiatzen dena.









