
Fermin Calbeton kalean, Elkarren parean eman diote hasiera kantu jirari. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hernaniko dultzaineroak izan dituzte gaur laguntzaile.
San Sebastian jaien atarian, jende ugari dabil Donostiako kaleetan. Festa giroa nabaria da Parte Zaharrean adibidez, urrutiko danbor soinuak entzuten baitira, azken entsegu urdurien seinale.
Baina urrutiko danbor hotsak erraz isildu dituzte kantu jirako kideek. Gaur egin duten urteko lehen kantu jira. Urte berria bai, baina beti bezala Fermin Calbeton kalean, Elkar dendaren parean egin dute hitzordua. 12:00etan hasi dira kantuan eta bi orduz aritu dira Parte Zaharreko kaleetan barrena.

Bat-bateko musikari bat ere elkartu zaie abeslariei. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Abesti ezagunak izan arren, paperari begira aritu dira gehienak. Lehen abestian harrapatu ditu IRUTXULOKO HITZAk, eta batzuk oraindik eztarria ezin garbituz zebiltzan arren, ederki abestu dute. Beste hainbat berriz, eztarria berotuta etorri dira,
Alderdi Ederren Txillardegiri egin dioten omenalditik zuzenean etorri baitira.
Merkealdietako erosketak egiten edo festa giroan hurbildutako jende asko zebilen kaleetan, eta zenbait garaitan lanak izan dituzte aurrera egiteko. Baina gaurkoan Hernaniko dultzaineroak izan dituzte laguntzaile kantu jirako kideek eta haien atzetik ederki ibili dira.
Otsailean izango da hurrengo hitzordua; beti bezala, hileko hirugarren larunbatean.