Txillardegiren izena daraman plaka bat jarri dute Liburutegia Nagusian
Ez dakite zenbat iraungo duen plakak, eta ez dira jarri eta kendu hasiko, baina Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko eskatuz jarraituko dute.
Bi urte bete berri dira Txillardegi hil zenetik, eta bere omenezko hainbat jardura egin dituzte aste honetan. Lasala plazan, politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra bizi zen ondoan omenaldi bat egin zioten asteartean, bere heriotzaren bigarren urteurrenean.
Gaur goizean Alderdi Ederren 50 bat pertsona elkartu dira Udal Liburutegiaren parean. Hainbat kulturgilek mahai gainean jarri zuen eskaera ekarri dute gogora. Hau da, Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzea aldarrikatu dute berriro. Donostia Kulturako Administrazio Kontseiluak atzera bota zuen eskaera oposizioko alderdien botoekin. Gaurko ekitaldian ezezkoaren arrazoiak eskatu dizkiete agintariei. Baina, Dani Goñi irakasleak irakurritako oharrean argi adierazi dute ez direla agintari politikoen erantzunaren zain geratuko. Txillardegik, euskara eta euskalgintzaren alde egindako lana goraipatu dute, eta Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea, egindako ekarpenen aitortza litzatekeela adierazi dute.
Horregatik, modu sinbolikoan bada ere, Txillardegi izena jarri diote gaur Udal Liburutegi Nagusiari. Idazle donostiarraren argazkia eta izena daraman plaka bat itsatsi dute bertan, eta izendapen ofiziala lortu arte lanean jarraituko dutela adierazi dute Alderdi Ederren bildu direnak.
Abestuz amaitu dute gaurko ekitaldia; Txillardegik gogoko zituen Euskal Herrian euskaraz eta Martxa baten lehen notak abestiak esaterako.



