Xanti Telleriak irabazi du Ondarretako zaldi lasterketa
Hamalau parte hartzaile izan dira aurten; Maddi Orcajo eta Ander Iruretagoiena antiguatarrak tartean.
Giro bikaina sortu da gaur Ondarreta hondartza inguruan, Antiguako San Sebastian jaien barruan zaldi lasterketa egin baitute. Zortzigarren urtea izan da aurtengoa, eta jai batzordeko kideak pozik agertu dira parte hartzaile kopuru handiarekin; 14 zaldi eta behor guztira.
Dagoeneko ospe handia hartu duen lasterketa ikustera ere jende ugari bildu da. Gainera, ikusle asko, gurasoak eta haurrak batik bat, proba hasi aurretik zaldiak nola prestatzen zituzten ikustera hurbildu dira. Ikusleak pozik, baina zaldiak eta behorrak urduri samar zeuden festa giroarekin.
Hondar gaineko lasterketa
Ondarretako zaldi lasterketa berezia da, zaldiak eta lehia bera gertutik ikusteko aukera ona delako. Hiru txandatan banatu dute lehiaketa, txanda bakoitzean hiru buelta eman dituztelarik. Ondoren, txanda bakoitzeko lehen hiru zaldunek jokatu dute finala. Proba erabakigarria jokatu bitartean zaldi eta behorrei atseden txiki bat eman diete, baina ikuskizunak ez du etenik izan.
Izan ere, Hondarribiako zalditegi bateko kideek pottoken lasterketa egin dute, eta ‘Amador’, 74 urteko zaldunak erakustaldia eman du bere zaldiarekin, animaliari pauso eta dantza ikusgarriak eginaraziz.
Finaleko txandan Xanti Telleria izan da azkarrena. Iaz bigarren postuan geratu zen Telleria baina aurten garaipena lortu du. Ander Iruretagoiena antiguatarra, berriz, laugarren postuan geratu da; Maddi Orcajok kontsolazio txandako bigarren postua lortu du.
















