Abian da Haur Danborrada
Haur Danborrada abian da. Gaztetxoen desfileko karguek Alderdi Ederren bildutako konpainiak agurtu dituzte udaletxeko balkoitik, eta ondoren gaztetxo guztiak hasi dira danborrei eragiten, San Sebastian martxaren doinuen artean. Ibilbideari ekin diote geroago, Hernani kaletik Erdialderantz.
Guztira, 43 eskoletako 50 konpainiek zeharkatuko dituzte goizean zehar hiriko kaleak, eguraldi txarraren mehatxupean, baina pozik, Haur Danborrada egin, egiten ari delako. Hala, guztira, 4.635 haur bildu dira Alderdi Ederren, eta horietako %54a neskatoak dira.
The English School ikastetxeko haurrek ordezkatu dituztenez pertsonaiak, eskola hau da desfilea itxiko duena, dagokion karrozaren aurretik.
Malen Arrieta da aurtengo Danbor Nagusia, Sara Esnal Easo Ederra, Jenerala Oihana Etxezarreta eta laguntzailea Jude Ozores. Eurekin batera dira damak, batelariak, iñudeak, iruleak, urketariak eta palagrezainak. Gainera, berdintasunaren alde egitearren, aurten, lehen aldiz, bi mutikok Donostiako garai bateko herritarrak ordezkatzen ari dira.



