Euriak euri, Haur Danborrada egitea erabaki dute
Donostiako Festak-ek hartu berri du erabakia: Haur Danborrada egingo dute. Haur Danborradako ikastetxe guztiekin hitz egin eta gero, 10:30ak aldera, euriaren mehatxuari aurre egitea erabaki du. Desfileari 12:00etan ekingo diote Alderdi Ederretik.
Haur Danborrada izaten da urtarrilaren 20ko jai handian eguraldiaren menpe egoten den jarduera bakarra. Antolatzaileek joan den asteko aurkezpenean jakinarazi zutenez, bertan behera geratuz gero, desfilea datorren igandean egitea pentsatuta zuten, hau da, urtarrilaren 26an. Igandean ere eguraldi txarra izanez gero, bertan behera utziko zuketen ospakizuna, 2015a arte.
2012an izan zen bertan behera geratu zen azken aldia, euriak ez baitzuen atsedenik eman urte hartan. Bi egun geroago egin zuten gaztetxoen desfilea, igandea zela baliatuta. Hiru hamarkada atzera egin behar da bertan behera geratu zen beste aldiekin topatzeko. 1981ean hala gertatu zen, eta 1978an gertatutakoa ere gogoan dute donostiarrek, urte hartan ere bertan behera geratu baitzen haurren danborrada; baina ez behin, hirutan baizik. Izan ere, martxoaren 19an antolatu behar izan zuten azkenean, euriak ez baitzuen lehenago egiteko aukerarik eman.



