Joaquin Fuentes psikiatrak bere lan taldea izan du gogoan Urrezko Danborra jaso duenean
http://youtu.be/K4LNpv6hKtU
Gaur, San Sebastian egunaren etorrerarekin, jaso du garaikur preziatua udalbatzarren aretoan, kanpoaldean Haur Danborrada egiten zuten bitartean.
Aritz Sorzabal
Joaquin Fuentes psikiatrak (Donostia, 1949) jaso du aurten Urrezko Danborra, haurren autismoa ikertzen egindako lanarengatik eta Donostiaren izena munduan zabaltzeagatik. Gaur, San Sebastian egunaren etorrerarekin, jaso du garaikur preziatua udalbatzarren aretoan, kanpoaldean Haur Danborrada egiten zuten bitartean.
12:30ak aldera iritsi da udaletxera Fuentes, Juan Karlos Izagirre alkateak eta udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek lagunduta, Udal Txistulari Bandako txistularien atzetik. Union Artesanako danborradak ere hartu du parte ekitaldian, eta Fuentesek parte hartu ohi duen danborradako bi kidek gonbidatu dituzte, sarituari ohore egiteko; danborrari horietako bat bere semea izan da. Europa Hotelaren Lagunen danborradan aritzen da Fuentes.
Ikus-entzunezko bat jarri dute Urrezko Danborra banatu aurretik. Bertan, Fuentesek nabarmendu du berak jasotako saria “kalitatezko medikuntza eta medikuntza gizatiar bat” egitearen aitortza dela, “talde lanari” eman beharreko garaikur bat, “bakarrik ezin delako egin” eginbehar hori. Behin saria jasota, adierazpen horiek berretsi ditu. “Danborra taldean jotzen da, dena besteen laguntzarekin egiten da. Sari bat lortzeko talde bat behar da, eta nik zortea izan dut taldearekin”, azaldu du. “Autismoa ezin da sendatu, baina haur psikiatriako beste hainbat gaitz bai, eta horrek betetzen dit, lanean jarraitzeko gogoa ematen dit”, esan du. “30 herrialde baino gehiagotan Donostiaz hitz egin dut, harro. Autismoak pertsona hobeago bat izatea ahalbidetu dit. Asko dugu ikasteko buruko gaitzez, eta ikerkuntza behar etiko bat da, pasio bat izateaz gain”, erantsi du.
Jon Maya dantzariak ohorezko kontrapasa dantzatu du bere omenez, eta aretoak txalo zaparrada eskaini dio Urrezko Danborra jaso duenean, alkatearen eskutik. Lehenago, adierazpenen txandan, Pedro Miguel Etxenike zientzialari donostiarrak ere hitz egin du. Fuentes lagun du, eta saria merezi duela azpimarratu du. “Fuentesi esker Donostia zientziaren eta ezagutzaren hiria da. Profesional handia da, bikaintasuna bilatu eta lortzen duena. Taldean lan egiten daki, eta berarekin lan egiten duten pertsonak maitatuak sentitzen dira. Pasioz eta leialtasunez lan egiten du”, esan du.
Juan Karlos Izagirre alkateak, bere aldetik, Fuentesek autismo arloan egindako lana goraipatu du, Donostia “barru-barruan” daraman herritar bat dela aipatu eta gero. “Autismoaren inguruan sekulako lana egin du, haur psikiatra izatea ez baita espezialitate erraza. Autismoak dakartzan zailtasun guztiak gainditzen lagundu du, eta berari esker kongresu asko egin dira Donostian; iazkoa, kasu”, adierazi du, eta autismoa duten pertsonak eta familiak gogoan izan ditu alkateak.
Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteordea, Donostiako Poliklinikako Psikiatria zerbitzuko arduradunetako bat eta Gautenako aholkularia da Joaquin Fuentes. 2013an, Donostia IMFAR 2013 (International Meeting for Autism Research) Autismoaren arloko Ikerketako Nazioarteko Biltzarraren egoitza izan zedin lortu zuen. Autismoaren arloko mundu osoko 1.800 zientzialari eta aditu baino gehiago erakarri zituen Donostiara.
[Gallery=133]
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea