Garai bateko zortzi donostiar ezagunen inguruan ikertu du San Telmo Museoak
Bisitarientzako biltegi berri bat ireki du museoak, hilarrien bildumaren erakusgarri gisa. Pertsonaia ezagun horien eta beste hamabosten oroitarriak jarri dituzte ikusgai.
San Telmo Museoak 133 hilarrik osatutako bilduma bat dauka. Bilduma horretako 23 hilarri biltegi batean jarri dituzte, bisitariek ikusteko moduan, gaurtik aurrera. Biltegia irekitzeaz gain, horietako zortzi hilerriren atzean zein pertsonaia ezkutatzen ziren ikertu dute, interesa zutelakoan, izan ere, duela bi mende Donostian garrantzitsuak izandako herritarrenak ziren.
Zehazki, 2009an, Aranzadi Zientzia Elkarteko hiru ikertzailek (Miren Garcia Damau, Alfredo Moraza eta Juan Carlos Mora) San Telmoko bildumako oroitarri guztien azterketa egin zuten. Hau da, azterketa historikoa, digitalizazioa eta bakoitzaren kontserbazio-egoera aztertu zituzten, besteak beste. Hortik bildumaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren jaso zuten, tipologia, jatorria, datazioa, eginkizuna, titulartasuna, numerazioa eta dekorazioa zehaztuz. Bertan ondorioztatu zuten, 133 pieza horietako 14 baino ez zirela oroitarrietan inskribatutako pertsonen testuinguru ekonomiko edo sozial posibleari buruzko datuak ematen zituztenak, eta horitako zortziren jabeak Donotiako eta Gipuzkoaok gizarte-egituran garrantzitsuak izan zitezkela. Hala, ikerketan parte hartu zuen Juan Carlos Morari zortzi oroitarri horien jabeen inguruan ikertzeko enkargua egin zion museoak. Ikerketa horri esker Donostia modernoko bizitza sozial, edonomiko eta politikoaren hainbat alderdiren inguruko informazio gehiago jaso du museoak, besteak beste.
Ikerketa-lana honako pertsona hauei buruzkoa da:
- JOAN DOMINGO OIZA (1680- 1750). Sindiko prokuradorea izan zen, herri-interesen defentsari lotutako lanbidea. Ordenantza berrietako zenbait kapituluren kontra agertu zen, eta 80 egunez espetxeratu zuten, herri-matxinada bultzatu zuelakoan. Handik 6 urtera, hiriko zinpeko nagusi hautatu zuten.
- JOSEPH DE CARRION (Donostia, 1690-1740). Familiaren bideari jarraituz, eskribau-kargua lortu zuen 1724an, aitak kargua utzi ondoren.
- BERNARDO AGIRRE (Donostia, 1600-1674). Kapitaina, merkataria eta Ternuko arrantza-jardueren sustatzailea izan zen, eta harreman estuak izan zituen Europako negozio-gizonekin. Hainbat etxe eta baserriren jabea izan zen, eta itsas interesen eta lur-interesen arteko oreka egokiaren pertsonifikazioa izan zen. Donostiako alkate eta Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen.
- BERNARDA GOIKOETXEA (XVIII. mendea). Hondarribiko bi ahizpen aurkako irainengatiko salaketa bat jaso zuen, horixe bere erreferentzia bakarra.
- JOAN ARBELAITZ (Donostia, 1560-1629). Pertsonaia esanguratsua izan zen Espainiako Gortea Donostiarekin lotzen zuen sare sozial eta politikoan. Errege-armadetako kutxazain, mezulari nagusi, hiribilduko erregidore eta Inkisizioaren Ofizio Santuko idazkari izan zen. Haren adiskideen artean, garai hartako gipuzkoar nagusiak zeuden.
- JOAN PEREZ AGIRRE (Donostia, 1595-1653). Bere abizenaren oinetxeko jauna, garai horretako Donostiako bizitzaren adierazgarri ona izan zen; arrantzan, merkataritzan eta lur-inbertsioetan aritu zen. Ohorearekin eta nagusitasun sozialarekin zerikusia zuten hainbat auzitan ibili zen, eta hainbat kargu publiko izan zituen bere hiribilduan eta probintzian.
- JUAN ANTONIO ZABALETA (XVIII. mendea). Nuestra Señora de Aranzazu ontziko maisu izan zen 1766an, ontzi horrek Puerto Ricora egindako bidaian. Filipinetako Errege Konpainiaren lehen bidaia Nuestra Señora de los Placeres ontziak egin zuen, Juan Antonio Zabaleta kapitainaren agintepean. Ekaitz handiak jasan behar izan zituen bidaia hartan, baina trebetasun bikaina erakutsi zuen itsasoan.
- JUAN MARTINEZ GUARNIZO (Donostia, 1590-1642). Donostian, XVII. mendea kapitainen mendea izan zen lehen erdialdean. Itsas munduari lotutako gizon horien artean, Juan Martinez Guarnizo kapitaina nabarmendu zen. Diputatu nagusi eta Santiagoren Ordenako zaldun izan zen, eta merkataritzan eta arrantzan, itsaslapurretan zein ontzi-armadak prestatzen aritu zen. Harekin batera galdu zen Guarnizo abizena Donostian.