Gipuzkoako kostaldearen ehun margolan baino gehiago bildu ditu Ontzi Museoak
Ibilbide geografiko, historiko eta artistikoa egiteko aukera eskaintzen du ‘Gipuzkoako itsasaldea artean’ erakusketak; ekainaren 29a arte egongo da ikusgai.
Gipuzkoako kostaldean barrena ibilbide bat egiteko aukera eskaintzen du Ontzi Museoko erakusketa berriak. Ibilbide geografikoa, historikoa zein artistikoa da, leku, garai eta egile askotariko 108 margolan jasotzen baititu erakusketak. Gipuzkoako Itsasaldea artean, halaxe izena du erakusketa iraunkorrak, eta ekainaren 29a arte egongo da zabalik. Ontzi Museoko bisitariak egile garrantzitsu askoren obrak elkarrekin ikusteko aukera izango du, eta labur bada ere, Gipuzkoako kostaldearen bilakaeraren lekuko izango da. Erakusketa gaur zabaldu dute, eta Ontzi Museoko Jose Mari Unsain eta Soco Romanorekin batera izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ikerne Badiola Kultura diputatua.
Gipuzkoako Itsasaldea artean erakusketak museoko lehen bi solairuetan banatu dute, Bidasoatik Mutrikuraino bidea eginez. Lehenengo solairuan, Hondarribia, Lezo, Pasaia eta Errenteria-Oreretako itsasertzea irudikatzen dituzten obrak bildu dituzte; goiko solairuan, berriz, Donostia, Zumaia, Deba, Zarautz, Orio, Mutriku eta Getaria inguruko lanak jaso dituzte.
Erakusketaren balioa azpimarratu du Jose Maria Unsainek. Izan ere, obretako asko lehen aldiz daude publikoki ikusgai, bilduma pribatuetatik lortutakoak baitira. Hala ere, badira aldundiaren bildumako obrak, San Telmo Museoarenak, Kutxa Fundazioarenak, Arabako Arte Ederren Museoarenak, eta baita Ontzi Museoa berarenak ere. Hala, azken 20 urteetan Ontzi Museoak egindako ondare berreskurapen lan handiari esker, bertako 30 obra jarri dituzte erakusketan.
Bereziki, Gipuzkoako itsasaldeko paisaiaren eta portuen irudikapen grafiko eta piktorikoen aniztasunera gerturatze bat da erakusketa, XVI. mendeko lanenetik hasi eta egungoetaraino. Hala, tartean, Dario de Regoyos, Antonio Brugada, Ignazio Ugarte, Julian Tellaetxe, Albertso Arrue, Jose Sail eta Daniel Vazquez Diaz, Jose Gracenea, Iñaki Bilbao, Eduardo Chillida Belzunve, Juan Luis Goenaga, Dora Salazar eta Tomas Hernandez artisten lana daude, besteren artean. Bigarren solairuko lanen artean, Bonaventura Peeter artista flandiarrak egindako Donostiako marrazki bat topa daiteke. Civitatis Orebis Terrarum-en lehen liburukian argitaratu zuten, Kolonian, 1572an, eta Donostia Europan barrera ezagutzera eraman zuen. Hiriko badian galeoi handi batzuk ikus daitezke.
Museorako sarrerak, orain arte moduan, 1’20 euroko prezioa izango du, eta ostegunean sarrera doakoa izango da. Asteartetik ostiralera egin daitezke taldekako bisita gidatuak, aldez aurretik izena emanda, pertsonako euro baten truke. Asteburuetan, berriz, bisita gidatu irekiak egingo dituzte; larunbatetan, 17:00etan euskaraz, eta 18:00etan gaztelera; igandeetan, berriz, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz. Martxotik aurrera, gainera, programa didaktikoak eta familientzako tailerrak egingo dituzte erakusketaren harira. Museoaren ordutegia honakoa izango da, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; igande eta jai egunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara; astelehenetan itxita egongo da.