Asteburuan ospatuko dituzte kaldereroak, inauterien iragarleak
Kaldereroak larunbatean ospatuko dituzte: Parte Zaharreko Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionala gaueko 22:00etan aterako da Fermin Kalbeton kaletik. Groseko konpartsa, berriz, 18:00etan Saguestik. Igandean Inude eta Artzainen txanda izango da; 12:00etan aterako dira Konstituzio plazatik.
“Konpartsa ofizialez gain, asko dira festara gehitzen diren taldeak eta bat-bateko parrandazaleak; horiek ematen die bizia festari, beraz herritar guztiak asteburuan kalera ateratzera animatu nahi ditugu”, halaxe egin du festarako gonbita Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak.
Izan ere, asteburu honetan ospatuko dituzte kaldereroak Donostian. Larunbatean entzungo dira kaldereroetako pertsonaien lehen oihu eta zartagin hotsak. Inauterien iragarle dira kaldereroak, eta hauek iritsi bitartean (otsailaren 27tik martxoaren 3ra) beste asteburu batzuetan ere ospatuko dituzte hainbat auzotan.
Gaurko aurkezpenean Gros eta Parte Zaharreko Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionaletako ordezkariak eta Kresala elkarteko Inude eta Artzainak konpartsako ordezkariak izan dira. Kaleak alaitzeaz gain, arbasoek utzitako kultur ondarea mantendu eta ondorengoei erakusteko grina azpimarratu dituzte.
Parte Zaharreko konpartsa
Ibon Otaegi da Parte Zaharreko Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionaleko zuzendari paperean ibiliko dena. Aurtengoa urte berezia dela aipatu du Otaegik, emakumeak gizonekin batera kantuan hasi zirela 10 urte bete baitituzte. Sarriegiren doinuak gogotik abestuko dituzte, eta Parte Zaharreko hainbat gunetan egiten dituzten geldialdiak ikusteko gonbita luzatu du Otaegik: “kaldereroak oso festa bihurriak dira, irrifarra ezpainetan, ondo pasatzea dugu helburu. Baina une hunkigarriak ere izaten dira: Abuztuak 31 kalean, Santa Maria elizan edo Konstituzio plazan egiten diren kantaldiak, adibidez”.
Aurten Aizpea Goenaga izango da erregina, eta berarekin joango diren damak, berriz, Patxi Perez eta Olatz Beobide. Festan ez dira gainerako pertsonaiak faltako, noski: zuzendaria, laguntzaileak, hartza, hartz-kumea eta hezitzaileak, esaterako. 360 bat partaide dituzte, 18 tributan banatuta. Gaueko 22:00etan aterako dira Lasala plaza ondotik, 22:15ean geldialdia egingo dute Konstituzio plazan, eta ondoren kalez kale ibiliko dira ordu txikiak arte.
Groseko konpartsa
Sarriegiren kantak berreskuratzeko egin duten ahalegina azpimarratu du Juan Antonio Antero, Groseko Hungariar kaldereroen konpartsako arduradunak. Gaur egun danborradetan jotzen diren doinuak auzoko kaldereroetan berreskuratu zirela esan du Anterok, eta aurten ere egingo dute ekarpen berri bat. Sarriegik 1900. urtean sortutako Entierro de la sardina abestia eskainiko du Irungo musika taldeak Txofre plazan egingo duten kontzertuan.
Groseko konpartsak 28 urte daramatza kaldereroak ospatuz. Abesti eta dantzen bidez jaien pertsonaiak indartu dituztela adierazi du Anterok, eta hemendik aurrera ere tradizioari eusten ahaleginduko omen dira.
Larunbatean 18:00etan abiatuko dira Saguestik, eta 19:30ak inguruan jarriko dute kanpamentua Txofre plazan, kontzertuaren ondoren kalez kale jarraitzeko.
Inudeak eta Artzainak
1885. urtean sortuak dira pertsonaia hauek. Kandelaria eguna (otsailak 2) jai izan ohi zen garai hartan, baina jai eguna kendu zutenean ospakizun hauek ere indarra galdu zuten. Kresala elkarteak 1977. urtean berreskuratu zituen Inude eta Artzainak, eta orduz geroztik urtero ospatu dituzte.
Igandean aterako dira kalera. 150 pertsonak osatzen dute konpartsa, 30 inude eta artzain bikote eta danborrariak tartean. Eurekin ibiliko dira kalejiran gainerako pertsonaiak ere: alkatea eta emaztea, gotzaina, apaiza, mikeleteak, bota garbitzailea, lorezaina, ogi saltzailea, medikua…eta garai bateko jantziak soinean festa-gogoz hurbiltzen den edonor.