Donostiako Orfeoiaren iazko balantze ekonomikoa "negargarria" da presidentearen hitzetan
Jose Mari Etxarri presidenteak eta Jose Antonio Sainz zuzendariak abesbatzaren 2013aren errepasoa eta 2014ko aurrerapena egin dute.
“2013a kuantitatiboki eta kualitatiboki urte guztiz ona izan da. Ekonomikoki, berriz, negargarria”, halaxe hasi du bere hizketaldia Jose Mari Etxarri Donostiako Orfeoiko presidenteak, gaur goizeko prentsaurrekoan. Orfeoiko presidenteak eta Jose Antonio Sainz zuzendariak hitz egin dute gaurko agerraldian, eta bertan 2013aren balantzea eta 2014aren aurkezpena egin dute. Arduradunen hitzetan, guztira, 2013an 35 kontzertu eskaini zituen orfeoiak; beraz, 2012ko jaitsiera alde batera utzita (24 kontzertu), azken urteetako 35-40 kontzertuetako batezbestekoa mantentzea lortu du. Donostiako Orfeoiak 913 kide inguru biltzen ditu, orfeoia, orfeoi txikia eta gaztea eta gainontzeok ikasleak kontuan harturik; eta milioi bat euroko aurrekontua mugitzen du gutxi gora-behera.
Orfeoiko kideek orfeoiari eskaintzen dizkioten egunak nabarmendu nahi izan ditu Etxarrik, 2013an 185 egun izan baitira. Horretaz gain, orfeoia abesbatz solidarioa dela azpimarratu du behin eta berriro; iaz, esaterako, bost elkartasun emanaldi egin zituen orfeoiak. Antzokiek ikuskizunak kontratatzeko geroz eta arazo gehiago dituzte Etxarriren hitzetan, eta agian, BEZaren igoerak horretan eragina izan duela aipatu du. Gainera, diru laguntzen kontua oso larri dagoela ere azaldu du. Saenzen hitzetan, 2013a oso urte oparoa izan da partaidetza artistikoari dagokionean, bereziki maila handiko zuzendarien kolaborazioa izan dutelako. “Abenduaren 28an Kursaalen eman genuen kontzertua maila handikoa izan zen; eta orfeoiak aurrera begira jarraitu behar duen bidea erakutsi zuen”, azaldu du Sainzek.
Edonola, nahiko baikor daude arduradunak 2014ari begira. Izan ere, iaz data hauetarako 20 kontzertu zituzten baieztatuak, eta aurten, dagoeneko 35. Zehazki, ostiral honetan bertan, Frantzian barrena hasiko dute biraruntz abiatuko dira.