Elikaduran interesaturik dauden ekintzaileentzat foro bat egingo dute Basque Culinary Center-en
Otsailaren 3an eta 4an egingo dituzte jardunaldiak, eta Sustapenaren zerbitzuen bitartez negozio berri bat sortu duten lehen 50 ekintzaileek gonbidapena doan jasoko dute.
Donostiako Sustapenak eta Basque Culinary Center-ek gastronomiari eta elikadurari lotutako lehen nazioarteko foroa antolatu dute: Culinary Action!. Tailer dinamikoen bitartez parte hartzaileak elikadura alorreko joerak edo negozio nahiz finantzaketa eredu berrien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izango dute adituekin batera.
Parte hartzaileen artean egongo dira Andoni Luis Aduriz, Mugaritz jatetxekoa; Fraser Doherty, bi mila supermerkatu baino gehiagotan bere marmelada saltzen duen gaztea edo Domingo Ojeda, Happy Pills gozokien sortzailea, besteak beste.
Ekintzaile berriei bideratutako jarduera hauek Basque Culinary Center-en egingo dituzte. Prezio ofiziala 120 eurokoa da. Ikasleek eta Sustapenakin harremana duten ekintzaileek, berriz, 80 euro ordaindu beharko dute, gonbidapena jasotzen dutenak salbu.