
Hungariako Kaldereroko zenbait partaide, Aizepe Elkartean egin den prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Larunbatean, otsailaren 1ean, Santa Maria elizako atarian hasiko dute ibilbidea eta guztira 300 lagunek hartuko dute parte.
Kaldereroak bertan dira eta gaur Hungariako Kaldereroen Lehen Konpartsak egingo duen desfilea aurkeztu dute, Parte Zaharreko Aizepe Elkartean. Peio Arribas eta Irati Fernandez konpartsako lehendariak eta ordezkariak eman dute prentsaurrekoa eta prestatu dutenaren berri eman dute. “1884tik orain arte 131 edizio egin ditugu eta hamarkada asko daramagu Donostiako kaleak alaitzen”, esan du Arribasek.
Ikuskizuna larunbatean, otsailaren 1ean, izango da eta aurreko urtetako “arrakasta” ikusita, Santa Maria elizako atarian hasiko da, 21:45tan. “Santa Mariako atariaren ikusgarritasuna eta ezaugarri akustiko bikainak konpartsaren laguntzaile hoberenak bihurtu dira azken urteetan”, azpimarratu du Irati Fernandezek. Santa Maria elizatik Sarriegi plazara joango dira eta bertan kanpamentua finkatuko dute. Martin Estebanezek erreginak bere urteroko hitzaldia eskainiko die bertaratzen diren donostiar guztiei. Santa Maria elizatik berriro igaroko dira eta koruko partaideek kantu sorta osoa abestuko dute. Amaiera gauerdia pasata izango da, kandelariaren egunarekin bat eginez.

Kartela eta logotipoa Tomas Fernandezen margolan bat da. (Argazkia: Lide Ferreira)
Zifrei dagokienez, partaideen kopuruak gora egin du eta oso pozik daude. “Aurten 300 baino gehiago izango dira, 250 inguru kalderero eta zingarak eta gainerakoak zaldunak eta malabaristak, besteak beste. Guztira, 17 talde izango gara. Gainera, jende gazte ugari gehitu da konpartsara azkenaldian eta espero dugu beraiek etorkizunean konpartsa sostengatuko dutenak izatea”. Horretaz gain, emakumeen presentzia azpimarratu dute: “Emakumezkoak eta gizonezkoak egon dira beti, eta iraganak eta orainak bat egiteaz gain, ohiturak eta berrikuntzak nahastu ditugu”.
Bestalde, gaur aurkeztu duten kartel berria eta logotipoa Tomas Hernandez Mendizabalek 2004an egindako margolan bat dela azaldu dute eta eskerrak eman nahi izan dizkiote.
Abestiak
Tradizioa jarriki, Hungariako Kaldereroen Lehen konpartsako kideek Sarriegik gizonen ahotsentzako konposatutako eta Alberto Combak idatzitako abestiak abesten dituzte. Gainera,
Begi Urdin Bat ere abesten dute, Sarriegiren melodia eta Victoriano Iraolaren letra. Azkenik,
Gitanos Hungaros pieza berezia ere abestuko du, konpartsaren 125. urteurrenerako Josu Elberdinek eta Tomas Hernandez Mendizabalek konposatua.
Zingarelle emakume kantari tribuari dagokionez, Verdiren La Traviatta-ren Noi
siamo zingarelle eta Zoltán Kodály-ren Túrot Ëszik a Cigány piezak abestuko dituzte
[box]
IBILBIDEA
- Santa Maria basilikaren ataria (21:45).
- Kale Nagusia.
- Fermin Kalbeton kalea.
- San Jeronimo kalea.
- Esterniles kalea.
- Narrika kalea.
- Sarriegi plaza: bertan kanpamendua egingo dute.
- San Juan kalea.
- Arrandegi kalea.
- Narrika kalea.
- San Bizente kalea.
- Abuztuaren 31 kalea.
- Santa Maria eliza: koroak abesti guztiak kantatuko ditu.
- Kale Nagusia.
- Portu kalea.
- Mari kalea (Muralla).
- Koruko Andre Mariaren kalea (amaiaera, 01:00ak aldera).
[/box]