Zubietako kartzela eta Artelekuren kokalekua eztabaidatuko ditu EAJk biharko udalbatzarrean
Hileko azken osteguna izanik, bihar egingo dute urtarrileko udalbatzarra udaletxean. EAJk hainbat gai jarriko ditu mahai gainean.
Erakunde adierazpenei dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketan duen jokabidea gaitzesteko adierazpen bat aurkeztuko dute; zabortegi bat behar izatekotan Donostiari eragingo ote liokeen jakin nahi du EAJk.
Artelekuren etorkizuna ere aldundiaren eskumena da, eta kokapen berria zein izango den argitzeko eskatuko dute jeltzaleek. Zubietako kartzela eta abiadura handiko trenaren sarrera ere atzeratzen ari diren gaiak direla adierazi du Eneko Goia, EAJko bozeramaileak, eta horien inguruko argibideak eskatuko dituzte.
Abenduan eztabaidatu behar bazuten ere, Ramon Labaien alkate ohiari omenaldia egiteko alderdi guztiek sinatutako erakunde adierazpen bat ere aurkeztuko dute.
Mozioak
Udalbatzarrera eramango dituzten mozioen artean, Okendoko parkinaren egoera, Eguberrietako zuhaitzen bilketa eta Altzako udaltzainen zerbitzua daude. Txuri Urdin izotz jauregiko lanek bertan entrenatzen duten taldeen jarduna ez oztopatzeko ere eskatuko dute jeltzaleek.