Alvaro Bilbao: "Espero baino kirol emaitza hobeak lortu ditugu, eta oso pozik gaude; hala ere, Kopan ez sartzea pena izan da"
Gipuzkoa Basketeko presidenteak komunikabideekin gosaria egin du gaur goizean, ACB Ligako lehen itzulian taldeak egindakoa errepasatuz.
Alvaro Bilbao Gipuzkoa Basketeko presidentea oso argia izan da goizean komunikabideekin egindako gosarian: “Babeslerik gabe eta erakundeen laguntzarik gabe honek ez du etorkizunik izango”. ACB Ligako lehen itzulian kirol maila oso ona eman du taldeak presidentearen iritziz, eta bederatzigarren postuan dago momentu honetan, Kopa jokatzeko aukera esku eskura izan ostean. “Sekula baino harroago gaude. Espero baino kirol emaitza hobeak lortu ditugu, eta oso pozik gaude, baina Kopan ez sartzea pena izan da”, onartu du Bilbaok. Azken batean, denboraldi hasieran ligan mantentzea besterik ez zen GBCren helburua, eta oraindik ere hori da. Hala ere, Bilbaoren hitzetan, horrek ez du kentzen momentuko emaitzen arabera, helburu gorenagoak jartzea; Koparekin gertatu den moduan edo Ligako play off-ean sartzea izan daitekeen moduan. Azken batean, ligako bigarren itzulian ere bide beretik jarraitu nahi dute, eta noski, puntu gutxirengatik galdutako partida horiek oraingoan garaipenak bihur daitezela. “Martxoan mantentzea ziurtatzen badugu, apirilean baino hobeto izango da, eta hortik aurrera ikusiko dugu”.
Azken batean, Sito Alonso oso gustura ikusten duela adierazi du Bilbaok, eta pozik dagoela zaleei ilusioa itzuli izanaz. “Kanpoko partidetan ere jaso dugun zaleei babesa eskertzekoa da, eta eskertzera hurbildu izan naizenean oso harro sentitu naiz”, aipatu du Bilbaok.
Illunberen kontua ere hizketa gai izan da. Bilbaok onartu du ez duela gogoko hortaz hitz egiten denbora galtzea, baina ez dagoela pozik daukaten kirol eraikinarekin, ituteak, hotz handia eta handiegia dela nabarmendu ditu, besteak beste. “Ez dut batere gogoko. Ez dago gurea baino areto okerragorik. Momentuz udalarekin sinatutako hitzarmena daukagu, eta horrek lasai uzten gaitu, baina ez du esan nahi gustura gaudenik daukagunarekin”, aldarrikatu du presidenteak.