Imanol Alvarez: "Zazpi partida jokatuko ditugu etxetik kanpo, eta zailak izango dira"
Bera Bera Eskubaloiak ABF Ligaren bigarren itzuliari ekingo dio larunbatean Bidebietan, Atletico Guardesen aurka.
Bera Bera Eskubaloia oso ongi betetzen ari da faboritoaren postua ABF Ligan. Hala ere, sekula ez da nahikoa aurreko denboraldian guztia irabaztetik datorren tadearentzat. Liga erdia eta hilabeteko atsedenaldi luzea igaro ostean, komunikabideekin hitz egin du Imanol Alvarez entrenatzaileak, gaur goizean. Ligako lehen itzulia liderraren postuan bukatu du Bera Berak, 13 partidetatik 12 irabazita, baina Alvarezek argi dauka oraindik ere asko dutela egiteko: “Zazpi partida jokatuko ditugu etxetik kanpo, eta zailak izango dira”, aipatu du. Atletico Guardesen (laugarren sailkatua) aurka ekingo dio Bera Berak bigarren itzuliari, larunbatean, Bidebietan.
Edonola, Alvarezek argi dauka jokalarien egoera fisikoa ona dela, eta duela hilabete baino jokalari gehiago ditu jokatzeko moduan. Izan ere, lesionatuak egondako Ana Martinez, Nitsan Dunay, Veronica Cuña eta Yamiley Rodriguez jokatzeko moduan daude, gutxi gora-behera.
Ligarekin batera, martxoan Kopa iritsiko da, baina Alvarezek momentuz horri garrantzia kentzea erabaki du. Izan ere, oraindik ez dela horretan pentsatzeko unea uste du. “Emaitzak onak diren arren, taldeak oraindik hobeto joka dezakeela uste dut. Hala ere, ez daukat inolako kexarik”, aipatu du Alvarezek.