Amarako bizilagunak udalbatzarrean izan dira. (Argazkia: PP)
Urtarrileko udalbatzarra egiten ari dira, 13:00az geroztik. Luze joko du, hamabost ordu inguruko eztabaida aurreikusi baitute, baina saioaren hasieran Amarako bizilagunentzat erabaki garrantzitsu bat hartu du Udalbatzak; Karlos I-aren hiribideko bide-hesia kentzeko eta barruko bide bihurtzeko batzorde ez iraunkor bat osatzea, PSE-EEk proposatuta.
Aho batez onartu dute proposamena, baita EAJk erantsitako emendakina ere. Honen arabera, Juan Karlos Izagirre alkateak ere hartuko du parte batzordean, udal talde bakoitzeko ordezkari batekin batera. Urtebetez iraungo du, eta hilabetean behin bilduko dira udal ordezkariak. Horrenbestez, udaleko lau taldeek bat egin dute arazoaren garrantzia nabarmentzeko orduan. Hori bai, eskumena aldundiarena dela onartu dute.
Amarako bizilagunak udalbatzarrera hurbildu dira, pankartekin, batzordea osatzeko proposamenaren bozketa bertatik bertara jarraitzeko. Hain zuzen ere, Karlos I.aren etorbideko saihesbidea ixtea legealdi desberdinetan egindako eskaera bat da. Auzotarren arabera, auzoa zatitu egiten du etorbideko bide-hesiak, eta horrek elkarbizitzarako oztopo bat izatea ekartzen du, Amararen degradazioarekin batera.
350 sinadura
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok batzorde ez iraunkorra egituratzeko arrazoiak azaldu ditu. «Garitanok dio –Gipuzkoako ahaldun nagusiak– Karlos I.aren saihesbidearen birgaitzea ez dela lehentasun bat Gipuzkoarentzat. Horrenbestez, batzorde honen osaketarekin, hiriarentzat estrategikoa dela erakuts diezaiogun argi eta garbi», esan du. «Bilduren negoziazioak arrakastarik izan ez duenez, egitasmoa denon artean bultza dezagun», azaldu du. Amarako bizilagunek sinadurak biltzeari ekin diotela jakinarazi du Gascok, eta dagoeneko 350 bildu dituztela, «Igeldon desanexioaren alde bozkatu zutenak baino gehiago». Hori dela eta, Karlos I.aren etorbideko kasuan herri kontsultak «non dauden» galdetu dio udal gobernuari.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, emendakina zergatik aurkeztu duten azaldu du. Hasiera batean batzordearen eraketaren zentzua ez zuela garbi ikusten aitortu du. «Udaletxeko talde guztiek berdina pentsatzen dugu gai honi buruz. Beraz, eztabaida egongo ote zen zalantza genuen. Zalantza hori, ordea, Liernik –Amarako saihesbidea kentzeko batzordeko kide Lierni Lasak– uxatu zidan, proposamena babesteko eskatu zidanean. Amaratarrek beharrezkoa ikusten badute, ez dago gehiago esateko», adierazi du jeltzaleak. EAJren ustez, alkateak batzordean presente egon behar duelako erantsi dute emendakina. «Arazo potolo bat da. Alkateak batzorde honetan egon behar du; bera ere busti egin behar da afera honetan», azpimarratu du.
Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok ere eman ditu azalpenak. Karlos I.aren saihesbidea desagertaraztea hiriarentzat «proiektu estrategikoa» dela berretsi du, eta legealdi askotan konpondu ez den arazo bat dela nabarmendu du; «hortaz, denok ditugu ardurak», zehaztu du. «Harritzekoa da PSE-EEk Batzar Nagusietan gauza bera proposatu ez izana, pausuak han eman behar dituztenean», kritikatu du. Desadostasunak desadostasun, batzordean «indar guztiarekin» hartuko dutela parte aurreratu du.
PPko zinegotzi Vicente Garciak, bere aldetik, batzordearen alde egingo zutela aurreratu du bozketa egin aurretik, «udal gobernuak baloiak kanpora botatzen jarrai ez dezan». Garciaren arabera, «praktikotasunaz gain, batzordea baliatuko dugu Bilduk egiten ari denaren berri eman dezan».