Maria Jose Usandizaga. (Argazkia: Nagore Koch)
Urtarrileko udalbatzarra abian da udaletxean, eta lehen ika-mika piztu da dagoeneko. 13:00etan hasi da saioa, eta 13:25ean, seigarren puntua eztabaidatu eta gero, PPko ordezkari Maria Jose Usandizagak udalbatzarrak iraungo dituen 15 orduak ekarri ditu gogora eta, saioa hain luzea izanik, 13:00etan hastea ez dela “normala” esan du. Halakorik ez duela inoiz ikusi inongo erakundetan esan du; hots, ordu txikiak arte egon beharra gaiak eztabaidatzen. “27 anormal gaude gaur udalbatzarrean”, adierazi du horren harira, aretoan bildutako zinegotziak aipatuta. Espainiako Kongresuan behin 15 ordu baino gehiago egon zirela nabarmendu du, baina Tejeroren estatu-kolpea zela eta. “Orduan, pistola eskuetan zutela izan zen horrela”, azpimarratu du.
Juan Karlos Izagirre alkateak esan du Bozeramaileen Batzordean azaldu izan duela udalbatzarra 13:00etan hasteko arrazoia, eta ez duela berriro esplikatuko, are eta gehiago eztabaidatutako puntuen artean gai hori ez dagoenean. Honela gauzak, udalbatzarrarekin jarraitu dute.
Abenduko udalbatzarreko gaiak ere jorratuko dituztelako izango da horren luzea saioa. Orduan, oposizioak udalbatzarren aretoa utzi zuen Igeldoko afera zela eta. Hain zuzen ere, udal gobernuak ez ohiko udalbatzar batera deitu zuen gai horretaz hitz egiteko, baina oposizioak udalbatzarrean bertan, egun hartan, nahi zuen gaia jorratu.