Reala eta Racingen arteko partidak kolokan jarraitzen du
Racingeko jokalariek diote ez dutela Kopari dagokion gaurko norgehiagoka jokatuko, zuzendaritzak ez badu dimisioa aurkezten.
Reala eta Racing Kopako final-laurdenetako itzulerako partida jokatzekoak ziren gaur, 21:00etan, Sardineron. Norgehiagoka, ordea, airean dago. Izan ere, sei hilabete daramatzate Racingeko jokalariek eta langileek soldatarik jaso gabe, eta zuzendaritzaren dimisioa eskatzea erabaki dute. Hori hala gertatzen ez bada, ez dutela gaurko partida jokatuko diote jokalariek. Luis Rubiales Espainiako Futbolarien Elkarteko presidentearekin bildu dira goizean Racingeko jokalariak, eta bertan, Rubialesek partida ez jokatzeak izan ditzakeen ondorioen berri eman die. Hau da, ez jokatzeak txarrerako eragin diezaieke jokalariei.
Momentuz, ordea, ez da dimisiorik egon, eta jokalariek tinko diraute euren erabakiarekin.
Bien bitartean, jakina da Kopako hurrengo jardunaldia otsailaren 5ean jokatuko dutela. Hala, Reala edo Racingek Bartzelona izango du aurrez aurre, 22:00etan. Itzulerako lehia, berriz, otsailaren 12an jokatuko dute.