Reala Kopako finalerdietara igaro da, 26 urte geroago
Racing-eko jokalariek gaurko partida protesta egiteko erabili dute, jokatu gabe. Realaren Kopako hurrengo aurkaria Bartzelona izango da.
Azken unera arte kolokan egon da Reala eta Racing-en arteko partida, eta azkenean, ez dute jokatu. Hala, Reala finalerdietara igaro da zuzenean, 26 urte geroago, izerdirik bota gabe, eta Bartzelona izango du hurrengo aurkaria, datorren asteazkenean, 22:00etan.
Zehazki, Kopako final-laurdenetako itzulerako partida jokatzekoak ziren Reala eta Racing, gaur, 21:00etan, Sardineron; etxeko taldeak, ordea, protesta egitea erabaki du, partida jokatzeari uko eginez. Sei hilabete daramatzate Racingeko jokalariek eta langileek soldatarik jaso gabe, eta zuzendaritzaren dimisioa eskatzea erabaki dute. Dimisiorik egon ez denez, jokalariek protesta egiteko erabili dute lehiaren ordua, eta ondorioak zeintzuk izango diren oraindik ez dago garbi.
Txuri-urdinak Sardinerora joan dira, eta beroketa egin dute, baina dirudienez, partida hasi aurretik bazekiten Racing-ek ez jokatzea erabakia zuela. Hala, epaileak txistua jo duenean, baloia atera, eta ondoren kanpora bota dute. Racing-eko jokalariak zelaiaren erdigunean batu dira, eta irudi hunkigarria osatu dute.