Antxon Agirre etnografo donostiarra hil da
Antxon Agirre Sorondo historialari, etnografo eta etnologoa (Donostia, 1946) hil da. Hileta bihar egingo dute, 12:00etan, Gros auzoko San Ignazio parrokian.
Ingeniaritzan lizentziatua, Agirre Sorondoren ikerketen ardatza Euskal Herriko herri kultura izan zen eta horri eskaini zion bere lana. Horiek guztiak liburuetan ez ezik, aldizkarietan argitaratutako artikuluetan ere agertzen dira.
Bere liburuen artean daude Estelas discoidales de Gipuzkoa. Origen y significado, La casa consistorial de Bergara, Antzuolako larru ontzea, Hernani y los hernaniarras, El rito funerario en Euskal Herria, Astigarraga: Historia de una historia, Los siglos de Orio: Orio oro hori, Etnografia del Enclave de Treviño (I eta II), Supersticiones populares vascas….
Bere lanagatik hainbat sari jaso zituen eta Arantzadi Zientzia Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea eta Errotak Zaindu eta Ikertzeko Elkartearen sortzailea eta lehenengo presidentea izan zen.