Eneko Goia: "Bilduk pentsatu badu aurrekontuak onartzera behartuta geundela, oker dabil"
Oposizioko beste taldeek bezala, EAJk osoko zuzenketa aurkeztu dio 2014ko aurrekontu proiektuari.
Iragarri bezala, jeltzaleek osoko zuzenketa aurkeztu diote udal gobernuak egindako aurrekontu proiektuari. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan EAJko bozeramaile Eneko Goiak zuzenketa honekin udal gobernuari ondorengo mezua transmititu nahi diotela esan du: “EAJ arduraz jokatzen du eta horrek eskatzen du Bilduk nahi duenari derrigorrez pasorik ez ematea. Bilduk pentsatu badu berak edozer gauza eginda, gu behartuta geundela aurrekontuak onartzera, hor oker dabil.” 2013ko aurrekontuak zituen oinarri berak dituen aurrekontu bat aurkezten badute, orduan hitz egingo dutela azaldu du, “bestela ez dugu utziko ezaugarri hauek dituen aurrekontu bat aurrera eramatea”.
Talde jeltzaleak hiru arrazoi nagusiengatik baztertu du. Hasteko, aurrekontu proiektuak inbertsioak murrizten dituela diote. Izan ere, aurreko urteko aurrekontuaren aldean, aurtengoak hamar milioi gutxiago ditu. Bestalde, aurrekontu proiektuak udalaren gastu arrunta gehitzen duela salatzen dute eta Goiak publizitatean eta propagandan %16ko igoera bereziki “deigarria” dela azpimarratu du. Azkenik, ohiko diru sarrerak igo eta kapitaleko diru sarrerak jaitsi egiten direla esan du.