Naiara Sampedro. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Atzoko udalbatzarrak luze jo zuen. Izan ere, gauerdia pasata amaitu zuten eta gaur goizean oposizioko alderdiek Naiara Sampedro zinegotziaren hitzak eta jarrera kritikatu dituzte.
Udalbatzarrean Ramon Gomez PPko bozeramailea urtarrilaren 19ko banderaren igoeran Konstituzio Plazan agertu ziren presoen aldeko ikurren kontra azaldu zen eta Sampedrok honakoa esan zuen: “Donostiarrak diren presoen senideak presentzia desatsegintzat eta iraingarritzat hartzen dira eta presoen senideak Donostiaren parte izateaz gain, presoen eskubideen urraketa baten irudi dira. Dispertsioak suposatzen duen presoen eskubideen urraketaren irudia dira. Eta gogogetarako deia egin nahi dizuet. Honelako aipamenak zein ekarpen egiten dute beharrezkoa den normalizazio prozesuan? Eta gainerako alderdi politikoei eskatuko nizueke honelako ekarpenak jasotzen dituzten mozioei baiezko botorik ez ematea.”
Honen aurrean, oposizioaren artean ika-mika sortu da eta gertatutakoa “udalbatzaren bizikidetza demokratikoan haustura bat” suposatu dezakeela aitortu dute.
PSOE
Ernesto Gascok gertatutakoak “kezka eta tristura” eragiten diola adierazi du. “Balio ez demokratikoak dituztenen adierazpenak dira eta Izagirre gertatutakoaren konplize isila da. Demokraziaren alde egin beharrean, erradikalagoak bihurtzen ari dira. Udalbatzaren bizikidetza demokratikoan haustura bat suposatu dezake”.
EAJ
Eneko Goiaren arabera, “une desatsegina” izan zen atzokoa. “Ulertzen dut Bilduk jarrera zehatz bat edukitzea, baina gaia aztertzerakoan huts egin zuen eta ezin dute ahaztu udal gobernua direla. Gai hauek kontuzkoak dira eta errespetua merezi dute. Ez dut pertsonalizatzea gustuko. Alkatea Naiara Sampedro bezain erantzulea da.”
PP
Ramon Gomezek Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea salatu du atzo Naiara Sampedrok egin zituen adierazpenengatik. “Modu nazkagarrian Sampedrok hitz horiek esan zituen eta alkatearen jarrera ezin da onartu, ez zuen ezer egin”.