Olatuengatik alerta laranja eta alarma gorria ezarri dute
Gaur, larunbata, arratsalderako alerta laranja iragarri dute eta bihar, igandea, goizalderako, berriz, alarma gorria. Zapi metroko olatuak espero dira.
Donostiako Udaleko Babes Zibileko Zuzendaritzak udaltzaingoarekin eta Mugikortasun Departamentuarekin bilera izan du eta asteartean martxan jarri zituzten neurriak osatuko dituztela iragarri du. Izan ere, gaur, 15:00etatik aurrera alerta laranja ezarriko dute olatuengatik eta bihar, igande, goizalderako (0:00-07:00) alarma gorria. 7 metroko olatuak aurreikusi dituzte eta marea altuak espero dira.
Nora Galparsoro Azpiegitura eta Hiri Mantenuko zinegotziak hiritarrei tentuz ibiltzeko eskatu die. “Guztioi gustatzen zaigu olatuak ikustea, baina zentzuz jokatzeko eskatu nahi dut, egoera latzak ekiditeko. Udalak baliabide guztiak prest ditu eta olatuen eragina gutxitzeko hainbat neurri jarri ditu martxan, baina ezinbestekoa da gomendioei kasu egitea. Are gehiago bihar Kaldereroen konpartsak daudenean, horrek Parte Zaharrera jende asko gerturatzea eragingo du eta”.
Horrenbestez, ondorengo neurriak hartuko dituzte:
– Salamanka pasealekua, Jauregi Jenerala kalea eta Aldamar ingurua ibilgailuz hustea.
– Kursaal zubian hondatu zen espaloiaren luzera osoan berriro ere babes hesi altua jartzea, jende zubiaren alde horretatik pasa ez dadin. Egoeraren arabera, Kursaal zubia guztiz itxi liteke eta ez dute baztertzen Mundaizeko zubia ere itxi behar izatea.
– Zurriola, Leizaola eta Chillida pasealekuetan oinezkoentzako bidea atzeragotik ixtea. Horretaz gain, saneamendu eta garbiketa zerbitzuei asteburuan guardiako langileak izateko eta edukiobtziak erretiratzeko ohartarazpena egin zaie; babes zibileko ohartarazpenen profilean, olatuengatik alerta laranja eta gorriaren abisua emateko SMSa erantsi da; UIZi alertaren berri eman zaio; eta, Kontxa hondartzako instalazioei ere jakinarazpena egin zaie. Neurri guzti hauek asteartean ezarritakoei erantsiko zaizkie, hondar zakuak jartzea ura Parte Zaharrean sar ez dadin, besteak beste. Marea altuak direla eta, ibaia asko hazi daiteke eta Urumea arroan ere baliabideak izango dira ibaiaren altueraren jarraipena egiteko.