Sergio Canales Realeko jokalaria da, 2018. urtea arte sinatu eta gero
Realak fitxaketa bat egin du neguko merkatuan, jokalari berriak izateko epea bukatzeko atarian, gaur gauerdian itxiko baitute merkatua. Sergio Canales jokalari erasokorra erosi dio Valentziari, 3,5 milioi euroren truke.
Santanderreko Racingeko harrobiko jokalaria da Canales, eta duela bi urte Real Madrilek fitxatu zuen, sekulako denboraldia egin eta gero. Han ez zuen gehiegi jokatu, eta Valentziak fitxatu zuen. Bere azken norakoan, baina, ez du zorterik izan. Belaunean min hartuta hilabeteak eman ditu geldirik, eta orain ikusteko dago erabat osatuta dagoen edo ez. Mediku-azterketa gaur pasatzekoa da Donostian, eta, dena ondo joanez gero, Realeko jokalaria izango da 2018. urteko ekaina arte, denboraldia amaitzeko geratzen diren partidetatik hasita.
Aurrelaria da Canales, ezkertiarra, Vela eta Griezmann bezala. Atzerago jokatzeko gaitasuna ere badu, aurrelariei paseak ematen iaioa baita. Otsailaren 16an, 23 urte beteko ditu.