Udal Gobernuak oposizioak aurkeztu dituen emendakinak aztertuko ditu
Josu Ruiz udal bozeramaileak jakinarazi duenez, udal gobernuak PSE-EEk, EAJk eta PPk gaur aurkeztu dituzten emendakinak aztertuko ditu. “Donostiak aurrekontuak izan ditzan oposizioari deia egiten diogu arduraz joka dezan”, adierazi du Ruizek.
Horretaz gain, udal gobernuak onartu duen proiektuaren ardatzak gogorarazi nahi izan ditu: “Krisiari aurre egiteko ekonomia aktibatzea eta gizarte mailako inbertsioa %7,4 igotzea; zerbitzu publikoen hobekuntzaren arteko aldeko apustua egitea; eta, azkenik, inbertsioak ondo lehenestea, Urumea eta kultura mailakoak, batez ere.” Hiru ardatz horien barruan akordioak egingarriak direla adierazi du, baina “zoritxarrez, hizketarako ere borondaterik ez dute erakutsi orain arte”, gaineratu du.
Udal Gobernuaren bozeramaileak honela jarraitu du: “Larria da krisi garaian, kalkulu politiko hutsengatik, donostiarrak aurrekontu gabe uztea”. Azkenik, garbi utzi nahi izan du “Bilduk Donostiara ekarri duen aldaketak aurrera jarraituko” duela, eta prest agertu da gainontzeko alderdiekin ahalegin bat egiteko.