
Txema Hernandezek eta Agurtzane Aizpuruk EtxEKOlanda egitasmoaren ikastaro berriak aurkeztu dituzte. (Argazkiak: L.Ferreira)
EtxEKOlanda egitasmoaren baitan, Cristina Enea Fundazioak eta Donostia Kulturak ikastaro berriak antolatu dituzte.
Agurtzane Aizpuru Intxaurrondo kultur etxeko zuzendariak eta Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak abiatuko dituzten ikastaroak aurkeztu dituzte udaletxean. Kultura eta ingurumena nahasten dituen proiektu honek baratza batzuk sortu ditu. Honela, hiriko eta etxeko baratza ekologikoak lantzen eta diseinatzen hasteko interesa duen edonork ingurumen formakuntza, partaidetza eta sentsibilizazioaren inguruko ikastaroak jaso ditzake. “Gure kultur etxearen inguruko lurretan espazio bat zegoela ikusi genuen eta proiektuan parte hartzeko azaldu genuen. Emaitzarekin oso pozik gaude”, aitortu du Agurtzane Aizpuruk.
Honela, otsaila hasieran Intxaurrondoko eta Lugaritzeko kultur etxeetan Cristina Enea Fundazioak Donostia Kulturarekin batera, EtxEKOlanda egitasmoaren baitan antolatutako lau hilabeteko ikastaroak eskainiko ditu.
Baratza zure balkoian izeneko ikastaroak arratsaldez izango dira (bi orduetan arlo teorikoa eta praktikoa landuko dira) eta helduentzako zuzenduta daude. Guztira, lau ikastaro berri izango dira eta saioak astean behin izango dira. Ondorengo biak euskaraz eskainiko dituzte:
- Baratza zure balkoian. Otsailak 5 – Maiatzak 14 (asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara). Intxaurrondo kultur etxea.
- Baratza zure balkoian. Otsalak 6 – Maiatzak 22 (ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara). Lugaritz kultur etxea.
Izena emateko epea irekia dago eta oraindik plazak daude. Nahi duena kultur etxeetan bertan edo Donostia Kulturaren
webgunean izena eman dezake.
EtxEKOlanda egitasmoa
Nekazaritza ekologikora gerturatu nahi duten pertsonak geroz eta gehiago dira eta egitasmoak esparru horretan heziketa sustatu nahi du. Alde batetik, publiko orokorrari jardueraz eskaini nahi dizkio; eta, bestetik, ikasle eta ikastetxeei bideratutako ekintzak antolatzen ditu. Horren harira, hiru esparrutan banatu daitezke euren helburua.
- Kultur etxeen inguruan dauden ikastetxeei bertan dauden baratzak zaintzeko programa eskaintzen zaie. “Honela, ikasleek nekazaritza ekologikoan parte hartzera bultzatzen ditugu”, azaldu du Txema Hernandezek.
- Bestalde, eskoletan baratza duten ikastetxeei aholularitza eskaintzen diete. Hernandezen hitzetan, baratzak eduki arren, ikastetxe askok ez dakite etekin didaktiko altuena nola lortu eta arloan espezialistak direnak bidaltzen ditugu, irakasleei lagun diezaieten. Donostiako hainbat eskoletatik izan gara dagoeneko, eta orain Eskibel eta Axular Lizeoan lan egiten ari gara”.
- Azkenik hiritarrak sentsibilizatzeko ikastaroak ere eskaintzen dituzte.
Musika Hamabostaldiarekin akordioa
Aurten ere Donostiako Hamabostaldiak parte hartuko du musika eta nekazaritza nolabait uztartzea. Izan ere, Musika Hamabostaldiak hitzarmena sinatu du etxEKOlanda egitasmoarekin eta, musikaren bitartez, ekonekazaritzari bere babesa eman nahi dio. Laster emango dute emango duten kontzertuaren berri.