Dbuseko gidari berriei euren lanei egokitutako gaztelera eta euskara maila eskatuko zaie
Dbuseko administrazio kontseiluak erabaki du, Bildu, EAJ eta Kurpil sindikatuen baiezkoarekin. PPk abstentziora jo du eta PSE-EEk eta UGTk ez dute bozketan parte hartu.
Dbusen sartzen diren gidari berriei administrazio kontseiluak Euskal Autonomi Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatuko die, euskarazko zein gaztelerazko proben bidez. Euskarako zatiaz udaleko euskara zerbitzua arduratuko da eta ahozkoa eta gidari baten eguneroko lanari egokitua izango da.
Proposamenak Bildu, EAJ eta Kurpil sindikatuen aldeko bozkekin egin du aurrera. PPk abstentziora jo du eta PSE-EEk eta UGTk bozketan parte ez hartzea nahiago izan dute.
Igeldoko autobusa
Bestalde, kontseiluak Igeldoko zerbitzuari dagokion kostua zehazteko txostena egitea erabaki du, 16. lineakoa, hain zuzen ere. Izan ere, kalkuluen arabera, %45 inguru dira Igeldori loturiko erabilerak.
Bizikletak autobusetan
Mugikortasun sailak, Kalapie bezalako elkarteen babesarekin, bizikletak autobusetan gauez eraman ahal izateko ordutegia zabaltzeko proposamena egin zuten. Hala ere, kontseiluak uko egin dio eskaera horri, Bildu eta EAJren bozkekin ez baita gehiengoa lortu.



