Martxoaren 15ean Konpromiso Eguna ospatuko dute
http://youtu.be/pO0R8qxDgqw
Herritarren parte hartzea sustatuz, Madrilen epaitzen ari diren bederatzi donostiar auzipetuei babesa eta berotasuna helarazteko deia egin dute.
Sentitu, pentsatu, ekin! lelopean, martxoaren 15ean Konpromiso Eguna ospatuko dute Donostian. Egunaren nondik norakoak gaur aurkeztu dituzte udaletxean, Donostia LIBRE dinamikaren baitan. Egun honen bidez, herritarrek konpromisoa hartu beharraren garrantzia indartu nahi dute. “Milaka herritar elkartuko gara, norbere konpromiso txikiaz, epaiketa politikoekin amaitu nahi dugula ozen aldarrikatzeko. Herritarrok herritarrak libre nahi ditugulako”, adierazi dute.
Ardatzak parte hartzea eta auzolana izango dira. Izan ere, ehundaka herritarrek antolatutako ekimenekin osatuko dute egun osoko egitaraua. Eguneko jardueren erdigunea Bulebarra izango da eta Parte Zaharrean eta Erdialdean zabalduko dituzte proposatutakoak. Ekimen nagusia martxoaren 15ean, 12:00etan izango dela zehaztu dute eta milaka lagun elkartzeko erronka dutela ziurtatu dute.
Xehetasun horietaz aparte, oraindik ez dute bestelako ekimenik lotuko, herritarren proposamenak koordinatzera mugatuko dira. Horrenbestez, martxoaren 15a bitarte, bi fase zehaztu dituzte. “Gaurtik hasita otsailaren 28ra arte era guztietako proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Martxoaren 1etik 14ra, ordea, egitaraua ordenatu eta lanak banatuko ditugu”, azaldu du Gonzalo Santo Domingo ikasleak.
Edozeinek lagundu dezakeela adierazi dute: “Denok dugu zerbait eskaintzeko, hortaz, eragin buruari eta ekin, guztiak balio du eta”. Ondorengo bitartekoak jarri dituzte herritarren parte hartzea sustatu eta errazteko:
- www.libredonostia.org webgunean, Konpromiso Egunaren atal bat sortu dute. Bertan, formulario baten bidez, zer egiteko prest dauden adierazi daiteke.
- Zenbait tabernatan Konpromiso Buzoiak jarriko dituzte.
- libredonostia@gmail.com helbidean ere proposamenak eta eskakizunak jasoko dituzte.
- 10.000 esku orri eta formulario banatuko dituzte Donostian zehar.


