'Lasa eta Zabala' filmaren lehen irudiak
Tolosako hilerrian aritu da filmaketa lanetan Pablo Malo zinemagile donostiarra; datozen egunetan, Tutera eta Donostia inguruan jarraituko dute.
1995eko ekainaren 21ean ETAko ekintzaileen hezurrak haien jaioterriko hilerrira ekarri zituzteneko uneak birsortu dituzte Tolosan. Baionan hasi ziren filmatzen, joan den urtarrilaren 27an, Joxean Lasak eta Joxi Zabalak 1983an pairatu zituzten bahiketa, torturak eta hilketa pantailaratuko dituen pelikula.
Hilerrira hilkutxak heldu zireneko eta Ertzaintzako kideak bildutakoen kontra bortizki oldartu zireneko momentuak filmatu zituzten herenegun, eta atzo, berriz, hilkutxak hobi komunetan sartu zituztenekoa. Malok adierazi du beste bost aste beharko dituztela plano guztiak egiteko, eta horiek Tolosan bertan, haren inguruan eta Donostian filmatuko dituzte. Bussoten (Alacant, Herrialde Katalanak) hil zituen GALek bi ETAkideak, eta kare biziz estali hobiak. Toki hori Tuteran (Nafarroa) birsortuko dute.
Helburua kontakizun intimo bat osatzea dela esan du Frio sol de invierno-ren (2004) egileak: “Hasieratik argi eduki nuen ikuspegi humanoa eman nahi niola politikoa eman beharrean”.
Unax Ugalde izango da protagonista nagusia, Iñigo Iruin abokatuan oinarritutako papera jokatuko du. Jon Anza eta Cristian Mertxan aktoreak sartuko dira Lasa eta Zabalaren larruan. Datozen egunetan, Tutera eta Donostia ingurutan jarraituko dute grabaketekin. Bost aste falta zaizkie oraindik.