Zurriolako kai muturra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Olatu handiengatik alerta laranjan egon arren, atzoko denboraleak ez zuen kalte nabarmenik utzi hirian. Asteburuko kalteak konpontzen “nahikoa lan badutela” eta beraz, lasaitasun pixka bat hartu dutela esan du Nora Galparsoro, Azpiegitura zinegotziak.
Balorazio ekonomikoei dagokionez, atzo eman zuten lehen kopurua (4 eta 4,5 milioi euro artekoa), baina Udalak aurreikusi zuen moduan, kopuru hori handituz doa pixkanaka. Dagoeneko kalteen zenbatekoa 5 eta 5,5 milioi eurotara igo dela esan du Galparsorok, eta goraka jarraituko duela gainera. Datorren asterako kalteak zehaztu eta kopurua bera ere gehiago zehaztea espero dute.
Bestalde, egun hauetan 378 pertsona aritu dira lanean; horietako asko etengabe eta egunero aritu dira hiria bere onera bueltatzeko ahaleginean, eta guztien esfortzua eskertu du zinegotziak.
Erakunde arteko bilera
Ordu honetan Gipuzkoako Foru Aldundian bilduta daude denboraleak kaltetutako herrietako alkateak, Donostiako tartean. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko Kostalde Zuzendaritzako ordezkariak ere.
Izan ere, hiria pixkanaka normaltasunera bueltatzen doan heinean, erakunde bakoitzari dagozkion ardurak eta erantzukizunak zehazteko garaia dela esan dute udal ordezkariek. Zentzu horretan, elkarlana ahalik eta azkarren kudeatzea espero duela esan du Galparsorok: “Gainerako erakundeek ere Udala ari den maila berean erantzutea espero dugu”.
Erantzukizun ekonomikoei dagokionez, behar diren diru laguntzak ere lehenbailehen bideratzea eskatuko du bileran Donostiako Udalak. Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kosta Zuzendaritzarekin etengabeko harremana dutela esan du Galparsorok, baina oraindik ez dutela beraien planen berri: “Ahalik eta azkarren jakin behar dugu zer egitekoa asmoa duten”.
Asko dira konpondu beharreko guneak, baina Udalak premiazkoa ikusten du Zurriolako kai-muturra lehenbailehen konpontzea, adibidez. Alde batetik “hondartzak hondar gehiago gal ez dezan, eta hondarra ibaian pilatu ez dadin”, esan du Galparsorok. Itsasertz guztia lehengora itzultzeko berehalako neurriak hartu behar direla, eta “erantzukizunez eta urgentziaz” lanean hasteko deia egin dio Galparsorok Kosta Zuzendaritzari, “kalteak areagotu ez daitezen”.
Asteburuari begira
Aurreikuspenen arabera, asteburuan ere oso eguraldi txarra egingo du. Azti eta Euskalmet agentziekin harremanetan daudela esan du Galparsorok. Momentuz alerta laranja ezarri dute biharko haizeagatik eta larunbaterako alerta laranja olatuengatik.