Oraindik ez dago ezer ere erabakita
Realak 2-0 galdu du Bartzelonaren kontra, Kopako finalerdietako joaneko partidan.
26 urteren ondoren, oraindik ere Kopako finalean sartzeko aukera du Realak. Izan ere, Camp Noun Bartzelonaren aurka 2-0 galdu duen arren, oraindik ere itzulerako lehian edozer gerta liteke; beraz, ez dago ezer ere erabakita. Ederki erakutsi diote aurpegia txuri-urdinek Bartzelona handiari lehen zatiko lehen minututik, baina ez dute ate aurrean asmatu. Busquets izan da Bartzelonaren lehen golaren egilea (43. min), eta bigarren gola bere atean sartu du Eñaut Zubikarai berak, Elustondok baloia gaizki urrundu ostean (61. min.). Edonola, datorren asteazkenean Anoetan jokatuko dute itzulerako norgehiagoka, eta bertan erabakiko da zein taldek jokatuko duen finala.
Urtzi Gurrutxagaren omenezko elastikoarekin zelairatu dira jokalari txuri-urdinak lehia hasi aurretik. Joan den astean, zelaian bihotzekoak emanda, 26 urterekin hil zen Tolosako jokalaria. Epaileak partidari hasiera eman dion momentutik, indartsu aritu da Jagoba Arrasateren taldea, eta Bartzelonak ez zuen bere gogoko jokoa topatzen. Bi taldeek izan dituzte golerako aukerak, eta momentu batean zaleak txalo eta txistu eginez aritu dira, etxeko taldea burua altxa ezinik ikusita. Lehen zatia, ordea, ezin okerrago bukatu da Realarentzat, azken unean etxekoen gola iritsi baita. Zehazki, Sergio Busquetsek 43. minutuan sartu du partidako lehen gola, bakarrik zegoela baloia iritsi zaionean. Ondoren, Iñigo Martinez kalera bota du epaileak, txartel gorriarekin, protesta egiteagatik. Beraz, bigarren zatian jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan du Realak. Hala, lokartu xamar ekin diote bigarren zatiari bisitariek, baina hala ere, Bartzelonari aurre egiteko gai izan dira uneoro. Bigarren gola espero gabe iritsi da, jokaldi zoro batean, Realeko atezainak baloia sare artean sartu duen arte. Ondoren, gora-behera gutxi egon da.
Bestetik, Real Madrilek 3-0 irabazi dio Atletico Madrili beste finalerdian, kanporaketa ia erabakita utziz.